Haizea Barcenilla
Begiz

Historia ala mitologia

2024ko urtarrilaren 16a
05:00
Entzun

Aurreko astean oihartzun handia izan zuen Hedoi Etxartek Txillidaren iragan frankistaren inguruan idatzitako artikuluak. Poztu ninduen norbaitek idatzi izanak, Picasso urtea pairatu ostean, kontatzen bainabil zenbat egun geratzen diren Txillidaren etengabeko laudorioa amaitu dadin (artikulu hau argitaratzerako, 350). Historialariok ezaguna dugu Txillidaren iragan hori, ikertuta dago; ez dut uste Etxartek dark web-era jo behar izan duenik datuok aurkitzeko. Baina ez da Euskal Mitologian ondo txertatzen den informazioa, eta, hortaz, hobe argitara ateratzen ez bada.

Izan ere, harrigarria dirudi, historia modu kritikoan irakurria izan dadin eskatzen dugun herri honetan, gatazka gogor batean egon diren sentiberatasun desberdinak kudeatzeko gai den historia konplexu bati beldurra ez diogun herri honetan, zelako joera dugun artearen historia beharrean, artearen mitologiak eraikitzeko.  

Jatorrizko jeinu sortzaile multzo batek bereganatzen du mitologia. Kristautasunean bezala, hirukote batek hartzen du gailurra: Jainko on abegikor eta lasaia (Txillida), umore aldagarriagoa duen Jainko sutsu harrigarria (Oteiza), eta naturarekin zein bestelako jeinu mitologikoekin hitz egiteko ahalmena duen Jainko jakintsua (Basterretxea). Horien pean multzokatzen dira bigarren mailako jeinutxoak: mundu onirikoan dabiltzan Ameztoi eta Amable Arias, pasioen lurraldeetan Zumeta eta Sistiaga, baso artean Mendiburu eta Ibarrola... Kondairetako pertsonaiek bezala, historia aldaezina dute, zalantzaezina eta denbora mitiko batean kokatutakoa. Onartzen den eztabaida bakarra zera da: behe mailako jeinutxoren batek Hirutasunera igotzeko Kalitate nahikoa ote duen. 

Erlijio guztietan bezala, errituak egiten zaizkie jainko hauei: gurtzako erakusketak festa nagusietan (inoiz ez nahikoak, beti behar da beste bat), mugiezinak diren aldareak museoetan (behin betiko instalazioak) eta kaleetan eskaintzen zaizkien ermitak (eskultura publikoak). Eta kondaira behin eta berriz errepikatzen da, aldaketarik gabe. 

Euskal Herriko artearen historia trantsizioan idatzi zen. Ia berrogeita hamar urte pasatu dira, garai historiko hura guztia eta hurbilago duguna ere berrikusteko gai izan gara, baina arteak ez du narrazioaren garapenik izan: Parnaso ukiezin horretan dirau. Historia idatzi nahi dugunoi gaizki begiratzen zaigu askotan (mitologian behintzat Mari eta laminak zirela iradokitzen dugunoi, esaterako), inkisidoreek ustezko herejeei begiratzen zieten bezala. 

Okerrena da Done Txillidaren Urtea amaitzen denean, Done Zumetaren erromeria etorriko dela, eta ondoren Done Ibarrolaren festa nagusia, eta gero Done Sistiagaren gau magikoa, eta mitologiak historia baztertzen jarraituko duela, menderen mendetan, amen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.