Historia (oraindik) bizia

Aritu den taldeen musika, dokumentazioa eta poemak disko-liburu batean bildu ditu Juantxo Skalarik

Azken lanean bere ibilbideari begiratu bat eman dio Iruñeko musikariak. JUANTXO SKALARI.
2013ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Hemezortzi urte daramatza musikaren munduan Juantxo Skalarik (Iruñea, 1974). Bere anaia Peiorekin Skalariak taldea sortu zuen 1994an, eta 2008ra arte aritu zen han, desegin zen arte. The Kluba taldearekin jardun zuen ostean, joan den urtean geldialdia iragarri zuten arte. Rude Rock Train bira «antikapitala» prestatzeari ekin zion orduan, eta horren ostean erabaki zuen liburua argitaratzea. Musikari loturiko bizipenez gain, afixak, argazkiak, kontzertuetako sarrerak eta berak idatzitako poemen bilduma argitaragabea ere atera du Skalarik JSK 1994-2012. Mensajes, anti-canciones y poemas de kalle liburuan. «Bira eta bira artean idatzitako poemak dira, abesti bihurtzera iritsi ez zirenak. Bi poema mota bereizten ditut: abesti bihurtzen direnak eta kaleko poemak deitzen ditudanak. Neure burua hobeto ezagutzera ematea eta nire pentsaeraren eboluzioa erakustea nahi dut».

Kaleko poemak deitzen dituenak bereziak direla dio, abesteko ez izan arren «berezko musikalitatea» daukatela begitantzen zaiolako. «Gainera, auskalo zein mendetako poeta bertutetsu handien poemetatik bereizteko erabiltzen dut adiera hori; gertuko kontuak dira, bestelako grazia bat daukatenak».

Liburuarekin batera atera duen diskoan hamalau abesti bildu ditu ska gitarrista eta abeslariak. Kantuak aukeratzeko, hitz mardulenak dauzkatenak eta erritmo ertainekoak hautatzen saiatu dela dio; dena dela, Skalariaken Solo vivir abestia ere sartu du: «Izan ere, abesti hori da jendeak nirekin gehien identifikatzen duena».

Proiektua finantzatu ahal izateko mikromezenasgo moduko bat jarri du martxan: «Nolabait, jatorrietara itzultzeko modua da mikromezenasgo edo crowdfounding-a. Jendeari 'ea, proiektu hau aurrera atera dezadan nahi duzue?' galdetzen zaio, nolabait. Lehendabizi galdetu, eta gero laguntza lortu, horrekin argitaratu ahal izateko».

Gaur egun musikarien %95ek beren diskoak ordaindu egin behar izaten dituztela nabarmendu du Skalarik: «Horrela funtzionatzen du arloak orain, dela salmentengatik edo dela bestelako arrazoiengatik». Berak egin duen moduan arrisku gutxiago hartzen direla begitantzen zaio,jendearen interesa neurtzeko bidea ematen duelako. «Musika aspaldian ez dago garairik onenean. Jatorrira itzultzeko modu honi interesgarria deritzot; Rude Rock Train biran ere antzeraegin genuen, batere dirurik gabe. XX. mendeko 30eko hamarkadan, esaterako, horrela egin ohi zen».

Rude Rock Train biran beste kide batekin jardun zuen, 2012ko iraila eta urria bitartean: «Orain arte egin dudan birarik basatiena izan zen hori. Kontzertuak inprobisatzen jardun genuen, Europan zehar trenez bidaiatuz. Dirurik gabe atera ginen, eta trenean, kalean eta areto txikietan kontzertuak inprobisatu genituen. Horren ostean pentsatu nuen bazela garaia, ez soilik bira hori kontatzeko, baizik eta ordura arte bizitako esperientzia kontatzeko». Bost disko kaleratu zituen Skalariakekin, beste bi The Klubarekin eta bi dokumental ere egin zituen. Baina libururik orain arte ez, berak argitu duenez.

Juantxo eta La Rude Band

Liburuaren aurkezpenak formatu akustikoan egitea zen Skalariren asmoa hasiera batean. Txiletik bestelako proposamen bat iritsi zitzaion, ordea: hango talde batekin egitea. Orduan, Hego Amerikako herrialdean ekin zion liburua aurkezteari, eta Perun, Argentinan eta Ekuadorren ere emanaldiak egin ahal izan zituzten.

Kataluniara bueltan —han bizi baita duela zortzi urtez geroztik—, hango La Maquina eta Skarats taldeetako kideekin hasi zen lanean. Hainbat aurkezpen egin dituzte: Bartzelonako Euskal Etxean izan dira, baita Bilbon, Tolosan eta Iruñean ere. Costa Rican izan ziren apirilaren amaieran, eta orain, Mexikon ari da bira luzea egiten. Skalarik esan du urtea amaitu baino lehen Euskal Herrian aurkezpen kontzertu gehiago egingo dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.