Historiarik gabekoen historia

Espainiako Urrezko Aroko obrak ikus daitezke San Telmo museoko 'Bazterrekoen irudiak: ikuspegi erlijiosotik begira' bildumanAretoko 34 piezak Valladolideko Eskultura Museo Nazionaletik ekarri dituzte

Eskalea eta Goloa duen emakumea, XVIII. mendeko jaiotzetako bi irudi anonimo. JON URBE / ARP.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2012ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Gizartean baztertuak izan direnek gutxitan izan dute toki esanguratsurik historian, eta are gutxiago artean eta kulturan. Behartsuak, gaixoak, atzerritarrak, prostitutak eta esklaboak ez dira sormena lantzeko ohiko gaiak izan, baina Elizak sarritan erabili ditu elementu didaktiko eta diziplina ikasgai modura. Espainiako Urrezko Aroan kultura ugaria eta aberatsa zen; baina, hirien hazkundearen ondorioz, txirotasuna izugarri zabaldu zen. Horri aurre egiteko Elizak eskultura, margo eta artelan ugari egin zituen. Donostiako San Telmo museoak Bazterrekoen irudiak: ikuspegi erlijiosotik begira erakusketa antolatu du, XVI. mendetik XVIII. mende erdira bitartean egindako obrekin. Valladolideko Eskultura Museo Nazionaletik ekarritako 34 piezak eta San Telmo museoak berak gehitutako 11 obrak osatzen dute bilduma. Gaurtik maiatzaren 27ra arte ikus daiteke erakusketa.

Baztertuen inguruko XVI. mendeko artelanak gaur egungo ikuspegitik begiratuta, ezohiko irudiak ageri dira: aita maitekorraren papera betetzen duen San Joanen irudia, San Benito santu beltza, deabruz jositako margoak... Erakusketa lau zatitan banatua dago: Moldakaitzak munduarentzat sailean, behartsuak, gaixoak, eskaleak eta umezurtzak bildu dituzte, Kainen arrastoa sailean, erbesteratuak, juduak, heretikoak eta indigenak; Fuga mundi-n, martiriak, mistikoak eta ermitauak, eta Emakumeen bizitzak sailean, birjinak, mojak, prostitutak eta ohaideak sartu dituzte. Maria Bolaños Valladolideko Eskultura Museo Nazionaleko zuzendariaren arabera, gizartea kontrolpean edukitzeko egiten zituzten artelanak: «Espainiako Urrezko Aroan, Elizak izugarrizko boterea zuen, eta gizarte konplexu eta aldakorra kontrolpean edukitzeko mekanismo modura erabili zituen elizetako margoak eta eskulturak. Zigorrak, mendekuak eta infernua modu indartsuan eta dramatikoan azaltzen dira».

Baztertuen lekua gizartean

Gizartean beheko mailan egon arren, behartsuek eta esklaboek beren betekizuna zutela ikus daiteke, Elizak betekizun hori zein zen gogorarazten baitzuen irudi eta margoen bitartez: «Erdi Aroan, behartsuak ondo ikusiak zeuden gizartean, beren betekizuna zutelako; erlijioak predikatutako umiltasuna irudikatzen zuten, aberatsei limosna eman behar zela gogoratuz. Baina Urrezko Aroan izugarri gehitu ziren eskaleak, eta Elizak ikuspegia aldatu zuen. Erakusketako obretan, txiroek gizartean zuten lekua ikus daiteke, zein zen gizarteak haiei buruz zuen ikuspegia, nola janzten ziren eta non kokatzen zituzten». Jaiotzetan erabilitako behartsuen irudi ugari ikus daitezke, eskean zein lan gogorrak egiten. Gaixoak ere erabat baztertuta zeuden, eta erakusketako lanetan erabateko miserian eta tragedian irudikaturik daude; adibidez, Francisco Giralteren 1550eko Job gaixoaren inguruko muralean.

Dena den, pasarte biblikoetan oinarritutako eszenak dira ugarienak bilduman. Esate baterako, deigarria da Boschen jarraitzaile batek margotutako Jesusen jaitsiera linbora olio margolana, edo Jan Brueghel de Veloursen San Antonio Abadearen tentaldiak margoa. Bolañosen esanetan, Boschen jarraitzailearen lana galduta egon zen Trentoko Kontzilioaren ondoren: «Erospenaren zain linboan galdutako arimen salbazioa erakusten du eszenak, eta nola Kristo infernuetara jaitsi zen arima horien bila. Trentoko Kontzilioaz geroztik, baztertuta gelditu ziren halako margoak».

Ikusleen harridura pizten duten obrak ere aukeratu dituzte erakusketarako, hala nola giza gorputza duen deabrua, XVIII. mendekoa; hain zuzen, bildumaren irudirako aukeratu dute, edo Isidro Villoldoren San Kosmeren eta San Damianen miraria (1547). Azken horrek kontrako erreakzioa eragin dezake, Bolañosen iritziz: «Kontuan hartu behar da XVI. mendean egindako lana dela, Espainiara esklaboak ekartzen hasi zirenean. Irudian, bi santuak ikusi daitezke, sakristau bati gaixotutako hanka ebaki eta esklabo beltz baten hanka jartzen. Gaur egun, mural horrek harridura handia sortzen du, irudi benetan krudela eta errealista delako. Baina garai hartan, irudia ez zen horren gogorra, beltzek arimarik ez zutela eta erabat gizaki ez zirela uste zutelako».

Erakusketako zati handi bat emakumeen irudiek osatzen dute. Emakumeak baztertuen taldean ohikoak ziren garai hartan, ez bakarrik prostitutak, baita senarrik gabeko amak, adineko emakumeak eta sorginkeria salaketa izandako mojak. Ohi ez bezala, erakusketako obretan emakumeak protagonistak dira; baina, askotan, deabruak engainatuta eta tentaldira bultzatuta ageri dira. Bular aldea odoletan duela, minezko keinua egiten duen emakumea erakusten du Santa Agataren eta beste santuen martirioa 1612ko margoak, eta Santa Ursula eta hamaika mila birjinen martirioa lanak erdi burusoilak eta hilzorian dauden neska gazteak irudikatzen ditu. Bolañosen ustez, garai hartan errepresio handia sufritu zuten emakumeek: «XVI. mendearen hasieran, prostituten lana nahiko onartua zegoen, baina, ondoren, Elizak eta estatuak gizartea berregiteko ahalegina egin zuten, eta emakumeak gogorki zapaldu zituzten».

Harribitxien bilduma

Valladolideko museoak eta Donostiakoak ibilbide berdintsua egin dute. Biak dira XVI. mendekoak, eta mende honetan Fuensanta Nieto eta Enrique Sobejano arkitektoek eraberritukoak. Bolañosekgogoratu du filosofia bera dutela: «Museoak zaharberritu diren moduan, erakusketa honek historiari bestelako begirada bat emateko aukera eskaintzen die ikusleei. Hilabete hauetan gizartea ilundu duten hodeiei aurre eginez, museoek bake uneak eskaintzen dituzte. Kultura da gure petrolioa, eta ilusioa nabari daiteke bildumako harribitxietan». Susana Soto San Telmoko zuzendariaren esanetan, obren indarra eta gogortasuna leuntzen ditu museoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.