Jean-Claude Chauvetek leku txundigarri batera eraman zuen esploratzaile talde txiki bat 1994. urtean, historiaurreko pinturarik garrantzitsuenetakoak gordetzen zituen kobazulo batera. Orduz geroztik, lekuak Chauvet leizearen izena hartu zuen, eta bertan sekula ikusi gabeko gauzak aurkitu zituzten arkeologoek.
Ehunka pintura ziren leize-zuloko hormetan: zaldiak, hartzak, panterak, lehoiak... Neanderthal garaiko artearen pintura horietako batzuek 30.000 urte baino gehiago zituzten, eta kontserbazio harrigarria zuten. Izan ere, harritzar batek estaltzen zuen kobazulorako sarbide bakarra, eta denboraren kapsula moduko zerbait sortu zen barnean: kanpoko eraginetatik guztiz babestuta zeuden kobazuloan zein hormetan zeuden irudiak. Horri esker ailegatu ahal izan dira horren egoera onean gure garaietara.
Irudi horiek milaka urtetan mantendu ziren moduan babeste aldera, Frantziako Gobernuko ordezkariek horien gainean lan egiteko baldintza ezin zorrotzagoak jarri zituzten. Jean-Michel Geneste arkeologoak gidatutako talde txiki bat izan zen barnera sartzeko baimena izan zuen talde bakarra. Soil-soilik udaberri eta udazkenean lan egiten ahal zuten, eta, gainera, egunean bi ordu bakarrik egon zitezkeen barnean.
Chauvet kobazuloen aurkikuntza ezagutu zenetik zinemagile askok eskatu izan dute irudi horiek filmatzeko baimena. Kasu guztietan, ezezko borobila izan da Frantziako Gobernuaren erantzuna. Harik eta Werner Herzogen eskaera ailegatu zen arte.
Zinemagile alemaniarrak orduko kultura ministroari egin zion eskaera, Frederic Mitterrandi. Gobernuko enplegatu gisa lan eginen zuen, euro bakarraren soldataren truke, eta Frantzian pagatuko zituen pagatu beharreko zerga guztiak. Baldintza horiek zein Herzogen ibilbideak Frantziako Gobernua konbentzitu zuten, eta Herzogek inork lortu gabekoa lortu zuen: Chauvet haitzuloan filmatzeko baimena.
Hori lortzea lan nekeza izan zen, eta hortik aurrerako oztopoak ere ez ziren txikiagoak izan. Kobazuloetan filmatu ahal izateko, arazo tekniko handiak izan zituzten. Barnealdea ezagutu bezain pronto, Herzogek argi izan zuen filmak hiru dimentsiotan izan behar zuela, baina, horretarako, tresneria berezia enkargatu behar izan zuen. Filmaketa zaila izan zen; egun gutxi izan zituzten, 2010eko martxoa eta apirila bitartean, eta kobazuloan zaila zen mugitzea, irudiei kalterik eragin gabe.
Ezinbesteko egilea
Baina zinemagilea ez da zailtasunen aurrean kikiltzen den horietakoa, eta, azkenean, onik atera zen erronka berritik. Emaitza Cave of Forgotten Dreams izan da, barnealdera egindako esplorazio pertsonal eta antropologikoa, naturaren eta edertasunaren gaineko hausnarketa paregabea.
Fikzio pelikula garrantzitsu batzuen egilea bada ere —Aguirre, der Zorn Gottes eta Fitzcarraldo besteak beste— beharbada dokumentaletan eman du bere onena Herzogek. Ohiko tekniketatik kanpo, istorio, egoera eta pertsonaia ezohikoak bilatzen jakin izan du, eta horien gainean pelikula bikainak eraiki. Hori guztia, bere begirada ironikoarekin zipriztinduta.
Luzea da haren dokumental garrantzitsuenen zerrenda, eta horietako bakar batzuk aipatzearren, ezinbestekoa da Irakeko lehen gerraren ondotik filmatutakoLektionen in Finsternis apokalipsi poetikoa. Edota 2005eko harribitxi hori, Grizzly Man, oraindik ere askoren ustez dokumental faltsua omen den maisulana. Muturreko bidaia ere egin behar izan zuen Encounters at The End of The World Antartikako biztanleak eta haien bizimodu bitxia filmatu ahal izateko.
'CAVE OF FORGOTTEN DREAMS'
Zuzendaria: Werner Herzog.
Herrialdea: Frantzia.
Urtea: 2010.
Iraupena: 95 minutu.
Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Historiaurrerako bidaia argigarria
'Cave of Forgotten Dreams' Werner Herzog zuzendari alemaniarraren dokumental berria da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu