Historiaurretik gaur egunera arteko aurkikuntzak, era dibulgatiboan

Azken 30 urteetan Gipuzkoan egindako ikerketa arkeologikoak bildu ditu Aldundiak zazpi liburukitan

Igor Susaeta.
Donostia
2012ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Historiaurretik XIX. eta XX. mendeko industria arkeologikora arte, azken 30 urteetan Gipuzkoan egin diren ikerketa arkeologikoen bilduma osatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Zazpi liburuki dira, eta horietan hainbat espezialitatetako hamahiru adituk parte hartu dute, ikertzaile batzuen laguntzarekin. Ikerne Badiola Gipuzkoako Foru diputatuaren iritziz, izaera «dibulgatiboa» eman nahi izan zaie. Euskaraz eta gaztelaniaz idatzita dago, eta liburukien «alderdi grafikoa zaintzearren», 180 ilustrazio baino gehiago dauzka bakoitzak.

Lehen liburukiak Ehiztari-Biltzaileak Gipuzkoako Historiaurrean du izena, eta Alvaro Arrizabalaga eta Maria Jose Iriartek idatzi dute. «Lezetxiki, Praileaitz, Irikaitz eta Astigarraga aztarnategien berri ematen du». Bigarrena Lehengo Nekazari-Abeltzainak Gipuzkoan: Neolitikotik Burdin Arora da, Jose Antonio Mujika eta Jose Miguel Edesorena. «Monumentu megalitikoen ezagutzan egindako aurrerapausoez mintzo da». Burdin Aroa da hirugarrena, Xabier Peñalverrek eta Sonia San Josek idatzitakoa. «Basagain eta Munoaundi herrixka gotortuetan egindako indusketak daude bilduta». Erromatar Arkeologia da laugarrena, eta Mertxe Urteaga eta Javier Urteaga egileak. «Saltus Vasconum terminoaren interpretazioan sakontzen du». Erdi Aroko Arkeologia da bosgarrena, Nerea Sarasola eta Alfredo Morazarena: «Bizilagun dituen lurraldeen pare jartzen du Gipuzkoa». XVII., XVIII. eta XIX. mendeko arkeologia da seigarrena, eta Marian Gereñu egilea. «Dokumentu historikoei esker ezagutzen ziren eraikuntzen materialak berreskuratu ditu». Zazpigarrena, berriz, Arkeologia industriala: egungo egoera da, Beatriz Herreras eta Josune Zalduarena. «Eraikin industrial ugariren desagertzea biltzen du, eta deigarria egiten da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.