Orain arte galduta egon da The White Shadow film mutua, baina haren zati bat aurkitu dute Zeelanda Berriko Artxibo Zinematografikoetan. Ez da edonolako aurkikuntza, Alfred Hitchcock (Londres, 1899-Hollywood, 1980) zinema zuzendari mitikoa zuzendari laguntzaile, idazle, editore eta edizioaren diseinatzaile lanetan ibili baitzen filmean, 3 News telebista kateak jakinarazi duenez. Graham Cutts britainiarrak zuzendu zuen lana, 1923an. 24 urte zituen orduan Hitchcockek; zinemaren munduan zuzendariak eman zituen lehen pausoen artean dago, beraz, The White Shadow.
Filma, ordea, ez dute osorik berreskuratu. Lehen hiru zatiak aurkitu dituzte, seitik, eta uste da ez daudela bikoiztuta. Fotograma hauek «izugarrizko aukera» ematen dute, David Sterritt zinema kritikoen elkarte nazionaleko presidentearen arabera, «ideia narratibo eta bisualak ikertzeko, horiek forma hartzen ari diren unean». Wellingtongo (Zeelanda Berria) muntatze zentro batean daude orain zintak; bertan, filmaren kopiak egiteko asmoa dute, zuri-beltzean nahiz koloretan.
The White Shadow bi ahizpa bikiren istorioa kontatzen duen melodrama da. Betty Campson aktoreak haragitzen ditu Nancy eta Georgina Brent ahizpak: batak aingeruzko izaera du, eta besteak, deabruzkoa. Britainia Handian egin zuten filmaketa, nahiko presaka, Campsonek Estatu Batuetara itzuli behar zuelako. Gidoia egiterakoan, Hitchcock Michael Mortonen Children of Chance nobelan oinarritu zen. Jack Murtagh enpresari eta bildumagile zeelandaberritarraren eskuetan egon zen filma, harik eta, 1989an hura hiltzean, Tony Osborne ilobak zintak artxibora bidali zituen arte. Mutaghek beste hainbat altxor zinematografiko ere bazituen, John Forden Upstream, adibidez.
Lehen filma ere galduta
Aurkitu berri duten film hau ez da Hitchcocken lan galdu bakarra: Number 13 zuzendari moduan filmatu zuen lehen lana ere topatzeke dago. Haren ondoren, The Pleasure Garden egin zuen zuzendari ingelesak, 1925ean, eta, geroztik, dozenaka film grabatu zituen. Suspentsearen generoan maisu zen Hitchcock, eta Psycho (1960), Vertigo (1958) eta The Birds (1963) klasikoengatik, besteak beste, zinemaren historiako errealizadore ezagunenetakoa da.
The White Shadow lanean ez ezik, beste bi film mututan ere egin zuen lan Hitchcockek Graham Cuttsen aginduetara: Woman to Woman (1923) eta The Prude's Fall (1924). Arte zuzendariaren lanak egin zituen bietan.
Hitchcocken film galdu baten zatia aurkitu dute
Zeelanda Berrian azaldu da 'The White Shadow'; suspentsearen maisua film mutuko zuzendari laguntzailea izan zen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu