Zure ziztada behar dugu kanpaina egiten ari da BERRIA, eta, horren barruan, hainbat idazlek, bederatzik hain zuzen ere, musikaz lagundutako errezitaldia egingo dute, gaur, Bilboko Kafe Antzokian. Emanaldia 19:00etan hasiko da, eta sarrera doakoa izango da. Hitz eta doinu bidezko ziztadak izango dira gaurkoak, hortaz.
Lutxo Egia, Iban Zaldua, Itziar Madina, Angel Erro, Ur Apalategi, Karmele Jaio, Markos Zapiain, Arrate Egaña eta Edorta Jimenez idazleak izango dira oholtza gainean. Horiekin batera, Domentx Uzin (biolina) eta Jon Basauri (gitarra) musikariak arituko dira. Ekitaldia, berriz, Onintza Enbeita bertsolari eta kazetariak aurkeztuko du.
Bilboko ekitaldian errezitatuko diren lanak BERRIAlaguna kanpainan parte hartzeko beste hainbat idazlerekin batera egin duten lan kolektiboaren parte dira, eta prentsa idatzia izango dute ardatz. Lan kolektibo hori formatu elektronikoan irakurtzeko edo deskargatzeko moduan jarriko da gero, www.berria.info atarian.
Idazleek propio idatzi dituzte testuak gaurko emanaldirako. Eta lan horien artean denetarik dago. Batzuek poemak erabili dituzte haien sentsazioak plazaratzeko; beste batzuek, ipuinak, eta izan dira, aldi berean, generoen arteko uztarketa egin dutenak. Ordubete inguru iraungo du.
Hitz eta doinu bidezko ziztada
Musikaz lagundutako errezitadia egingo da gaur, Bilbon, BERRIAlaguna kanpainan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu