Masafumi Yamamoto artista plastiko sonatua da. Japoniarra, baina 70eko hamarkadatik Bartzelonan egonkortua. Hamaikatxo erakusketa egindakoa munduan barrena (Paris, Madril, Tokio, Mexiko Hiria...), eta hamaikatxo sortzaile ezagunekin lan egindakoa. Bere grabatuak hainbat egileren liburutan argitaratu dituzte: Joan Brossa, Pere Gimferrer, Lorenzo Garcia Vega... Yves Bonnefoy, Vahe Godel, Maria Zambrano eta Rafael Albertirekin ere aritu da lankidetzan. Oraindik, ordea, ez du galdu harritzeko gaitasunik, ez du galdu freskotasunik. Harritu egiten da, esaterako, literatur munduko jendearekin harremanak dituelako gaur egun. «Ni arkitekturan lizentziatua naiz, eta garai batean oso urrunekoa egiten zitzaidan literatur munduko jendea. Orain, aldiz, eurekin elkarlanean aritzen naiz», aldamenekoei begiratu, eta irribarre eginez. Juan Ramon Makuso eta Pello Otxoteko poetak dira aldamenekoak. Haiekin, eta beste hamar poetarekin batera, osatu du Yamamotok 6ko 12 proiektua. Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbara aretoan ikus liteke. Heldu den ekainaren 9ra arte izango da zabalik.
Yamamotok bere eskuz egindako grabatuz eta haien eraginpean hainbat poetek idatzitako poema txikiz osaturiko 12 liburuxkek osatzen dute egitasmoaren bihotza. Liburuxka bakoitza originala da, ale bakarrekoa. Bakoitza Yamamotoren sei collage originalen segidaz osatua dago, eta collage bakoitzak ondoan daukan eskuz idatzitako poema batekin elkarrizketa modukoa sortzen du. Testu guztiak argitaragabeak dira, eta poema bakoitza bere erara Yamamotoren lan plastikoak azaltzen duen abstrakzio liriko bereziaren baliokide literario modura har daiteke. «Arte plastikoa gauza bat da. Poesia beste gauza bat da. Bien arteko ezkontza hau beste adierazpide independente bat da, batak ez luke zentzurik bestea gabe. Osotasun bat da», dio zenbait egunez Donostian izan den artista japoniarrak.
Euskara entzun zuenekoa
Duela pare bat urte Donostiako Ekain galerian izan zen Yamamoto, Gonzalo Txillidaren grabatuz osaturiko erakusketa bat zela eta. Orduko hartan jada harritu zuen «euskararen soinuak». «Tabernetan entzuten nuen hark ez zuen zerikusirik gaztelaniarekin, eta fonetikoki japonieraren tankera har niezaiokeen. Harrituta geratu nintzen». Lehenago beste hizkuntza batzuetakopoetekin lan egina zen, eta, bisita horrez geroztik, euskal poetekin lan egiteko apetak harrapatu zuen. Bisitaldi hartan ezagutu zuen Juan Ramon Makuso euskal poeta ere. Elkar ezagutu zuten, eta berehala bat egin zuten bien sentsibilitate artistikoek. Makusoren elkarlana desberdina izan da, artista japoniarrak bere poemetatik abiatuta egin baitzituen grabatu txikiak, eta ez, alderantziz, beste poetekin bezala. Yamamotoren sentiberatasuna «harrigarria» da Makusoren hitzetan. «Naturarekiko badu kezka berezi bat, eta nik neuk ere bide horretatik jo nuen. Hau ez da nire poesia, Yamamoto eta nirea da. Ez ditut ulertzen poema hauek lan honetatik kanpo».
Juan Bufill, Noni Benegas, Jose Maria Parreño, Alfonso Alegre, Chantal Maillard eta Andres S. Robayna (gaztelaniaz), Vicenç Altaio eta Benet Rosell (katalanez), Eva Veiga (galizieraz) eta Pello Otxoteko (euskeraz) dira egitasmoan parte hartu duten gainerako poetak. OtxotekokEdertasun ertzak izeneko bost poema segida idatzi zituen Yamamotoren irudietan inspirazioa harturik. Honela dio Otxotekoren poemak: «Edertasunaren kinka: egiaren aldean lerratu, ala, zirrararen olatuan murgildu». Edertasuna Yamamotoren irudietan topatu zuten Otxotekok eta gainerako poeta guztiek. Baldintza bakarra, idatzi beharreko testua artista japoniarrak bidalitako neurri txikiko koaderno orrietan sartzea zuten. «Paper japoniar berezi bat da, eta entsegu bat baino gehiago egin behar izan genuen ondo idazteko. Beraz, bi urrats egin behar izan ditugu: batetik, poesia beraren sorkuntza, eta, bestetik, artisau langintza».
Hitz eta marrazki xehez ehunduak daude 12 liburuxkak. Ideien munduak eta eskulangintzak bat egiten dute. 12 liburuxka horiez gain, Michel Butor, Suzumura, Juan Bufill, Yves Bonnefoy eta William Colek idatzitako poemak jasotzen dituzten beste sei liburu ere erakusgai daude.
Hitz eta marrazki xehez
Masafumi Yamamotoren grabatuez eta hamar egileren poemaz osaturik dago '6ko 12' erakusketa, Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu