Akademia patriarkala nagusitzen den munduko diskurtsoaz oso bestelakoa dakar liburu honek. Hitz fresko eta aldi berean antzinakoa da, berritzera eta iraultzera datorrena, oraindik ere ibiltzeke eta ibiltzeko dauden bideak badaudela esatera datorrena». Hitz horiekin aurkeztu du aste honetan Quiton Jennie Carrascok (Ambato, Ekuador, 1955) Collar de historias y lunas (Istorio eta ilargien idunekoa), Latinoamerikako 22 poeta indigenaren antologia, Carrascok berak apailatua. Ekuadorko Ondarearen Ministerioak laguntza eman du liburuaren argitalpenerako, emakume indigenen aurkako diskriminazioaren injustizia arindu nahian.
Andeetako herri txikietan literatura tailerrak zuzentzen aritu zen Carrasco, eta literatura nola egin behar den agintzen duen «kontzepzio hiritar mestizo mendebaldarra» alde batera uzten duen literatura aurkitu zuen han, literatura «telurikoa eta sakona». «Herri honetan [Ekuadorren] ohikoak ditugun kanon eta egiturekin zerikusirik gabea guztiz». Irakastera joan zenak ikasi egin zuela sentitu zuen Andeetan, edo desikasi bestela.
Baina antologian ez ditu soilik Andeetako edo inguruko egileen lanak bildu. Mexiko, Guatemala, Venezuela, Kolonbia, Peru, Bolivia, Txile, Brasil eta Ekuadorkoak daude antologiako 22 emakume poeta indigenen artean. Lanbideari eta bizimoldeari dagokienez ere askotarikoak dira; promotore kulturalak, lan komunitarioen arduradunak edo emakumeen eskubideen defendatzaileak daude, besteak beste. Indigenen adierazpide nagusia ahozkoa izan baldin bada ere, «letren munduan ere beren lekua» behar dutela irizten dio Carrascok, «beste edozeinen pare».
Askotarikoak dira antologiako poemen gaiak, eta aldatzen dira poetaren bizilekuaren eta bizi esperientziaren arabera. Sorta handi batek izadiari, lurrari eta animaliei begiratzen die; baina bada hiri giroko poemak idazten dituenik ere. «Askok poesian ezartzen dute 500 urteko errepresioak haiengan ernatu duen errebeldia, eta literaturaren bidez salatzen dute bizi izandakoa».
Izadiarekin duten harremanak eta bizitza ulertzeko duten ikuspegiak markatzen du indigenen poesia neurri handi batean, Carrascok dioenez. Lurra, unibertsoa, dena bat da, «mundu zirkular bat», batua eta bakuna, oso bestelakoa «ikuspegi mestizoak» irudikatzen duen mundu «hautsi eta zatikatuarekin» alderatuz gero. Antologiako poema batetik ateratako poema zati hau aipatu du adibide gisa: «Maikiuaren emaztea naiz, usain gozoak darizkit, nire lurrin limurtzaileek nire senarra dabileneko haran eta mendiak bainatzen dituzte, nire esentziak usainduz doa, ni nirea eta ez beste inorena ez den lur honena naiz».
Sentsualtasunaren agerpenetan, goxotasunaz gain, «osotasun baten barruko integrazioa» ageri da emakume indigenen poesian. «Mestizoak, aldiz, bere barne hausturatik abiatuta, gorputzari ia-ia bekatuzko zerbait balitz bezala begiratu ohi dio». Sentsualtasuna eta gorputza eta mugimendua nahierara gobernatzeko gaitasuna bereziki nabarmenak dira, Carrascok dioenez, jatorri afrikarreko indigenetan.
Emakumea ardatz
Ez da hutsetik eta bat-batean sortua Carrascoren kezka. Emakumea izan da beti ardatz nagusi eta sendoenetakoa haren obran. «Munduan den gauzarik ederrena» irizten dio emakume izateari, hori esatea «topikoa» dela badakien arren. «Nire obrako protagonistak emakumeak dira aldarrikapen bat egin nahi dudalako, eta garrantzitsuak iruditzen zaizkidan gaiak jorratu nahi ditut. Poesian jainkosei eta emakume gerlariei dei egiten diet; emakumeok gizarte honetan ditugun gatazkez ere egiten dut gogoeta, baita heriotzarekin eta bizitzarekin ditugunez ere».
Mujeres sin tiempo (Denborarik gabeko emakumeak) liburua idazten ari da orain Carrasco, emakumearen egoera salatuko duen liburua, egileak iragarri duenez, aldez edo moldez jazarpena pairatu duten emakumeei buruzkoa: prostitutak, mojak eta gerlariak besteak beste. «Orain dela urte batzuk idatzi nuen poema batetik abiatzen da liburuaren ideia, zoroetxean dauden emakumeei buruzko poema batetik».
Literatura
«Hitz fresko eta aldi berean antzinakoa»
Latinoamerikako 22 emakume poeta indigenaren antologia apailatu eta argitaratu du Jennie Carrasco ekuadortar poetak, 'Collar de historias y lunas' izenburua duen liburuan, «akademia patriarkala nagusitzen den munduko diskurtsoa» alde batera uzten duen poesia erakutsi eta zabaltzeko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu