Hitzaren ahalmena aldarri

Elkarrizketaren aldeko mezuarekin bat egin dute 'L'ordre et la morale' eta 'Gazta zati bat'-ek, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak emandako bi filmek.

Mathieu Kassovitzen L'ordre et la morale filma. BERRIA.
Beñat Eizagirre Indo.
Donostia
2012ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Giza Eskubideen X. Zinemaldian, era guztietako injustiziez jabetzeaz gain, zinemaz gozatzeko aukera ere eduki dute herritarrek. Zinema konprometitu eta sozialak thriller onenek bezainbeste sentipen eragiten ditu jendearengan, eta, amorru eta ezintasunarekin alaitasuna eta itxaropena nahastu ohi dira. Aurrekontuaren murrizketaren ondorioz film gutxiago proiektatu dira aurten, baina mezua beti bezain eraginkorra da oraindik. Egoera lazgarriak egunero ikus daitezke albistegietan, baina argi dago film bikain batek arrastoa utz dezakeela.

Aurtengo lanik borobilena Mathieu Kassovitzen L'ordre et la morale izan da. Bortitza, ikusgarria eta zirraragarria da, eta ikusle bat baino gehiago txundituta atera zen zinematik. Kassovitzen azken filmak zinema sozialaren inguruan egon daitezkeen aurreiritzi guztiak uxatzen ditu. Sekulako indarra du, eta flashforward-aren bidez hasieratik nola amaituko den dakigun arren, harri eta zur uzten duten horietakoa da. Duela hiru urte, Kassovitzek berak ekoitzitako Johnny Mad Dog zirraragarri eta kitzikagarria eman zuten. Orduan, haur soldaduen istorio gogorra ekarri zuen Donostiara. La haine ospetsuaren egileak elkarrizketaren beharra aldarrikatu du gatazka testuinguruetan. Kaledonia Berriko independentistek 1988an bahitutako polizien kasua du hizpide, eta Philippe Legorjus kapitainaren ikuspegitik kontatzen du. Frantziako presidentetzarako hauteskundeen atarian bahitu dituzte poliziak, eta horrek, ezinbestean, gauzak konplikatuko ditu, irmotasuna erakusteak botoak irabazten lagundu baitezake. Boterean daudenek emaitzak lehenbailehen lortu nahi dituzte, eta jakina da ekintzaileak hiltzeak ez diola inori lorik kentzen, diskurtso gehienek pertsona izaera ukatzen diete eta. Protagonistaren eginbeharra negoziatzea da, baina argi dago gauzak ez direla behar bezala atera. Gobernuek ez dute ekintzaileekin hitz egin nahi izaten, baina Legorjusen lana haiekin akordioa iristea da.

Erabakitzeko eskubidea

Bestalde, Jon Maiak zuzendutako Gazta zati bat-ek eduki duen arrakasta ere aipatu beharrekoa da, eta, Kassovitzenak bezala, hitzaren aldeko apustua egiten du Nazioen Munduak ekoitzitako film atsegin eta hunkigarri horrek. Euskal Herriko oraingo aro berriari itxaropenez begiratzen dio dokumentalak, eta herritarrek elkartuz gero edozer lortzeko gauza direla azpimarratu nahi du. Angel Oiarbidek dioen moduan, autodeterminazioaren gaia garrantzitsuegia da politikarien esku uzteko, eta horregatik herritarren parte hartzea beharrezkoa dela argi du. Idiazabalen hasitako bidaia horrek Eskoziara eta New Yorkera eramango gaitu. Autodeterminazio eskubidearen alde agertzen den lana izanik, aspergarria eta nekagarria izango dela pentsa dezake baten batek, baina emozio handiak eragiten ditu. Duela urte batzuk utopia zirudiena errealitate bilakatu dela ikustea harrigarria gertatzen da. Aieteko bake konferentzia, borroka armatuaren amaiera… etorri diren bezala autodeterminazioa erdiestea posible dela azaldu nahi dute.

Ildo beretik Ziztadak filmak desobedientzia zibilaren aldeko borroka du hizpide, eta helburuak lortzeko ekintza zuzenaren eraginkortasuna mahai gainean ipini nahi du. Intsumisioaren aldeko oihua da. Irudimena errealitatea eraldatzeko arma ikaragarria dela argi dute dokumentalean ageri direnek, eta, indarkeria erabili ordez, Polizia eta iritzi publikoa txundituko dituen ekintzak egitea defendatzen dute. Ekintza batzuen aurrean Poliziak ez daki zer egin, eta jendea abantaila horren garrantziaz ohar dadin nahi dute egileek.

Bestalde, Robert Guediguian ezagunak gaur egun langileriaren borrokak dituen kontraesanei buruz dihardu Les neiges du Kilimandjaro original eta dibertigarrian: sindikalista eredugarri batek bere amesgaiztorik handienari aurre egin beharko dio burges bat bilakatu dela ohartzen denean, eta urteetan eraikitako ziurtasun guztiak zaborretara bota beharrean aurkituko da bat-batean.

This Is Not a Film originala bezain surrealista da, eta Jafar Panahi zuzendari irandarraren egungo egoera salatzen du. Iaz estreinatu zen, Cannesen; filma herrialdetik ezkutuan atera zuten. Panahi etxean giltzapean dago, epaiaren zain, eta leporatzen dioten delitu bakarra zinema egitea da. Sei urteko kartzela zigorrari eta hogei urtez zinema egiteko debekuari aurre egin beharko dio errudun jotzen badute. Filmik egin ezin duenez, film hori egitea otu zaio. Irango gobernuari oldartu zaio film sinple, minimalista eta batzuentzat aspergarri horrekin, eta zinemak duen boterearen inguruko hausnarketa plazaratu du.

Panahiren kasua ez da ezer 30 años de oscuridad (Manuel H. Martin, 2011) filmeko Miguel Cortesenarekin alderatuz gero. Malagako Mijas herriko alkate izandakoaren istorioak sekulako indarra du. Istorioa ikaragarria da, eta sinetsezina badirudi ere, benetan izandako gertaera batean oinarrituta dago. 30 urte luzetan bere aitaren etxean ezkutatuta bizi behar izan zuen, guardia zibilek edota bizilagunek aurkituko zuten beldurrez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.