Zinema. Estreinaldiak. Fantasien gatibu

Hitzaren diktadura

Beñat Eizagirre Indo.
2011ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
The Artist arrakastatsua da Urrezko Globoetarako faborito nagusia, eta aurtengo ezusteko garrantzitsuena dela ez dago zalantzarik. Zinema mutuari eskainitako film ederra zuzendu du Hazanaviciusek, eta norberak sinesten duena defendatuz merkatuaren legearen aurka borroka egin daitekeela demostratu du. Chaplin izan zen Hollywoodeko industriak inposatutako aldaketa teknologikoaren aurka oldartu zen azken mohikanoa. Chaplinek ez zuen zientziaren eta teknikaren aurrerapenean sinesten, eta clown ospetsua eta miretsia izateaz gain, printzipio sendoak zituen autore gisa agertu zen. Modern Times (1936) eta The Great Dictator (1940) maisulanetan modernitatearen kritika itzela egin zuen, baina Imanol Zumalde irakaslearen aburuz, ingelesari interesatzen zitzaion guda zelaia beste bat zen, estetikari zegokiona, hain zuzen. Modern Times-en Chester Conklinek haragitutako langilea makinak irensten zuen eszenak primeran islatzen du modernitatearen mehatxua. Chaplinek 1928an argitaratutako artikulu batean hitza inoiz ez zuela erabiliko adierazi zuen; zinema antzerki filmatuaren kopia txarra izatera kondenatu nahi zuten estudio handiek, eta Chaplin ez zegoen amore emateko prest. 1930eko hamarkadan egin zituen hiru filmetan, soinuaren aurka jardun zuen. Soinua eta musika onartu zituen, baina hitza alferrikakoa zela pentsatzen zuen. Komunikazioari dagokionez, pantomima hitza baino askoz eraginkorragoa zela argi zeukan, eta frogatu egin nahi izan zuen; Charlotek ahoa irekitzen duen lehenengo aldian frantses doinua duen jario ulertezina eskaintzen dio publikoari, eta Hynkel diktadorearen kasuan gauza bera gertatzen da; Hynkelen keinu eta gorpuzkerak dena esaten du, eta hitzaren absurdoa inoiz baino ageriago geratzen da. Diktadore terminoaren jatorriak hitz egiten duenari egiten dio erreferentzia. 40ko hamarkadatik aurrera hitza bereganatu zuen, baina bere buruari eta obrari buruz hitz egiteko soilik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.