Biografiak, autobiografiak, autofikzioak. Hainbatetan hiru hauen arteko mugak garbi adierazi izan dira, baina, muga hori oso lausoa ere izan daiteke, batik bat testu hauen harreraz ari garenean. Gutxi dira euskal idazleen artean autobiografia izendapena eman diotenak bere libururen bati. Salbuespen horietariko bat dugu Mariasun Landaren Festa aldameneko gelan liburua, idazlearen biografia modura aurkeztu zena. Gainera, kontuan hartu behar da, euskal kulturan emakumeak autobiografiak kontatzeari lotu zaizkionean, gehientsuenetan senide baten bizitza gogoangarria edo aipagarria irudikatzeko izan dela. Alegia, senitarteko gizon baten bizitzaren lekukotza emateko. Horren adibide dugu Mikela Elizegi, Pello Errotaren alaba. Mikela Elizegik bere bizipenak kontatzeari ekin zion bertsolari handiaren bizitzaren berri emateko asmoz. Politikaren eremuanere antzeko bideari lotu zitzaion Itziar Aizpurua Autobiongrafia liburuan, Jokin Gorostidiren ibilbide politiko eta pertsonalari protagonismoa emanez.
Festa aldameneko gelan autobiografia irakurri nuenean, iruditu zitzaidan idazle izateko grinak biltzen zuela autobiografiaren hari nagusietariko bat, erakutsi nahian edo, baietz, gaztetarik izandako grina izan dela idaztearena. Ibilbide propioa, hortaz. Halere, idazletza horri estuki begiratzearen ondorioz-edo, diskurtso autobiografiko hau irakurtzerakoan, tranpa handi bat egin zelako irudipena izan nuen. Printzipioz, diskurtso autobiografikoan, onartezina dirudien tranpa. Ez dira bereizi autobiografiaren narratzailea eta autobiografiaren bidez irudikatzen den pertsonaia. Hau da, diskurtsoan ez dira bereizirik agertzen gaur-gaurko Mariasun Landa emakume heldua eta 60ko hamarkadako Mariasun Landa neskatxa. Autobiografiaren hasieran Mariasun Landak aitortu egiten du, nondik hitz egiten duen, gaurtik hitz egiten duela, heldua den unetik. Baina, autobiografiak aurrera egin ahala, badirudi ahaztu egin zaiola ikuspuntu hori, eta neskatxaren begitik kontatzen dizkigu esperientzia guztiak, helduaren begiradaren galbahe, iruzkin edo kontrasterik gabe. Ez dago autobiografia osoan zehar Mariasun Landa helduaren eta Mariasun Landa neskatxaren arteko elkarrizketarik, ez ibilbide pertsonalaren inguruko gogoetarik. Ondorioz, liburuaren inguruko diskurtsoek adierazi ziguten autobiografia zela, eta halaxe irakurria behar zuela. Badirudi, bada, gero eta gehiago argitalpen eta promozio-kanpainaren esku uzten dela biografia, autobiografia eta autofikzioa irakurtzen ari garen erabakitzea, eta ez zaiola testuari edo idazketari eskatzen, bere horretan, irakurleoi ager diezagula, argiro, zein hitzarmen motaren arabera jaso behar dugun narrazioa.
LITERATURA. Hirudia
Hitzarmen autobiografikoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu