Urteetako desadostasunei amaiera jarri eta hitzarmena sinatu dute Oteiza Fundazio Museoak eta Pilar Oteiza Jorge Oteiza artistaren iloba eta obren oinordekoak. Museoak berak eman du akordioaren berri, hedabideetara igorritako oharrean. Horren arabera, “Oteizaren obren gaineko jabetza intelektualaren eskubideen ustiapena” bermatu dio oinordekoak instituzioari, “fundazioaren xedeak behar bezala betetzeko beharrezkoa den guztietan”. Trukean, Pilar Oteiza fundazioaren kudeaketan parte har dezan figurarik “egokiena zein izan daitekeen aztertuko” du Museo Fundazioak.
Gainera, Batzorde Tekniko bat eratzea adostu dute bi aldeek, Oteizaren obren “egiazkotasuna” bermatze aldera. Pilar Oteiza batzorde horretako kide izango da aurrerantzean, eta lanen benetakotasuna zehazteaz gain, Oteizaren “eskultura-lanen Katalogo Arrazoituari jarraipena ematea, eta katalogo hori artistaren gainerako literatura obrekin osatzea” izango ditu zeregin nagusiak.
Aspalditik datoz Jorge Oteiza Fundazio Museoa eta Pilar Oteiza oinordekoaren arteko ika-mikak. Aurtengo ekainean, besteak beste, Pilar Oteizak museoaren aurka jarritako salaketari arrazoia eman zion Madrilgo epaitegi batek, eta museoa zigortu zuten, webgunearen bitartez, eta “baimenik gabe”, Oteizarekin lotutako 8.795 liburu, gutun eta bestelako dokumentu salgai jartzeagatik. Hasiera batean, 2012an, salaketa bertan behera utzi zuen epaitegi batek, baina aurten, arrazoia eman zion beste batek erabaki horren aurka Pilar Oteizak jarritako helegiteari.