Mendi artean jaio eta hazia izanagatik ere, itsasertzean paseatzea maite du Pako Aristik (Urrestilla, Azpeitia, 1963), eta Getarian (Gipuzkoa) itsasertzean egindako paseo ugarietan izandako ideia eta burutazioetan oinarrituak dira azken urteotan idatzi eta orain Urari ostutako poemak liburuan (Susa) argitaratu dituen poemak. Mendia ez bezala, itsasoa aldakorra iruditzen zaio Aristiri, eta iradokizunerako gaitasun handiagokoa.
“Hitzekiko mesfidantzaz” idatzi ditu liburuko poemak Aristik, kultura judeo-kristauak indartu eta zabaldutako kontzeptu, ideia, balio eta hitzekiko mesfidantza handiz. Ekialdeko pentsamenduarekin konektatuagoa dago haren mundu-ikuskera.
Poemek “bidaia bat” proposatzen dute liburuan, Aristik azaldu duenez. Bizitza bera den bidaia. Lehen poemetan, bidaiarako prestakuntza lanak ageri dira, eta ondorengoetan bidaiako pasarteak. Batzuetan poeta bera ageri da pasarte horietan, beste batzuetan beste petsonaia batzuk. Azkenekoetan heriotzaren inguruko gogoetak nagusitzen dira.
Tomas Transtromer poeta Nobel saridunaren eragina aitortu du Aristik, haren poemak irakurri ohi baitzituen Getariako Ketari tabernan, taberna horrek liburuak zituen garaian, iragan otsailean itsasoa bertaraino sartu eta denak eraman zituen arte. Horrez gain, hainbat euskal idazleren eragina ere aitortu du: Koldo Izagirre, Beñat Sarasola, Joxan Ormazabal, Harkaitz Cano, Miren Agur Meabe, Jule Goikoetxea, Jose Angel Irigarai …
Liburua aurkezteko, jendaurreko poesia irakurketak egingo ditu Aristik. Lehena bihar izango da, 19:00etan, Donostiako Gros auzoko Garoa liburu dendan (Zabaleta kalea).