Badoa eta badator; sasoika. Ziklikoa da euskal literaturaren eta euskal gatazkaren arteko loturari buruzko eztabaida. Ez da inoiz erabat desagertzen, eta berriz azalarazteko pizgarririk ere ez zaio sekula falta. Bueltan da eztabaida berriz; sasoia du. Gertatu denaren kontakizun «egiatia» egin beharraz mintzo da Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, ETAk armak utziko zituela adierazi zuenetik. Eta gerora barkamena eskatu duen arren, euskal idazleen erreakzioa piztu dute Fernando Aranburu idazlearen hitzek ere. «Euskal autoreek ez dute ETAri buruz idazten, ez direlako aske». Ez da egia, ordea, euskal literaturak iragan hurbilari ihes egin dionik, aditu eta idazleen ustez; kontrakoa. Gaurkotasun handia du memoriak.
«Etxeko lanak nahiko ongi eginak ditugu. Euskarazko idazleok askoz hobeki egin ditugu, behintzat, erdarazkoek baino». Iban Zaldua idazlearen hitzak dira. Bera ez da gatazkaz mintzo, Gure Gauza deitzen duenaz baizik, baina batera zein bestera, haren ustez, egina du bere ekarpena euskal literaturak. «Haren gaineko irakurketak eta berrirakurketak proposatu ditu». Areago: «Gizarteak izan duen biolentziaren gaineko ikuspegi aldaketan izan du eraginik literaturak, ez, agian, zuzenean, baina bai homeopatikoki. Hori sinetsi nahi nuke nik».
Gatazkaren inguruko eskaintzak erakarri zuen Zaldua euskal literaturara. «90eko hamarkadara arte nahiko gutxi irakurtzen nuen euskarazko literatura, eta erdi behartuta, gehienetan. Ez nuen gazteleraz irakurtzen nuenaren parekotzat hartzen. Baina aldatu egin zen hori. Gure Gauzari buruz eskaintzen zidan ikuspegi bat ez nuena aurkitzen ez kazetaritzan, ez eta soziologoen, historialarien eta politikarien hitzetan ere. Ezta gaztelaniaz idazten zutenengan ere». Hala pasatu zen euskarazko literaturara. «Ikuspegi aniztasuna handiagoa izan da gaztelaniazko literaturak eskaintzen duena baino».
Kontsentsua badago gatazkaren ibilbide literarioa hamarkadaka banatzeko orduan. 90eko hamarkada aipatzen dute gehienek mugarritzat, baina marka lehenagotik dator. Adibide bat: 1974an idatzi zuen Ramon Saizarbitoria idazleak etakide baten azken uneak kontatzen dituen Ehun metro lana, baina 1976an argitaratu zuten. Literatura modernoaren hasieratik bertatik dago, beraz, gatazkaren gaia presente. 80ko hamarkada, ordea, esperimentazio sasoia izan zen, nagusiki. Izan ziren salbuespenak, baina ez ziren asko izan Euskal Herriko kaleetan gertatzen zirenei buruz idatzitakoak. Ez zuten bestelako gaiak lantzen zituzten liburuek besteko oihartzunik izan ere. Ordutik dator euskal idazleek gatazkari ihes egiten zioteneko mitoa.
90eko hamarkadan aldatu zen hori. Iragan hurbilari errealismoz begiratzen zioten lanak ugaritu egin ziren, eta pisua lortu zuten, gainera, batzuek. Bernardo Atxagaren Gizona bere bakardadean eta Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Mikel Hernandez Abaituaren Etorriko haiz nirekin, Arantxa Urretabizkaiaren Koaderno Gorria... Gatazka era zuzenean lantzen duten 40 bat literatura lan bildu dituzte Hasier Etxeberria eta beste zenbait idazlek osatutako zerrendan; zuzeu.com/blogak/alua-mundua.«Beti tratatu du gai hau literaturak», azaldu du Marijo Olaziregi literatur aditu eta kritikariak, «baina eztanda bat egon da 90eko hamarkadaz geroztik: boom bat».
Globala da memoria hurbila lantzeko joera gatazkak izan diren guneetan garai horretan. Halere, berezia da Euskal Herriko kasua, Olaziregiren hitzetan. «Terroristaren irudia eta gatazka bera tabu gisa ez garatzeko, nobela askok terroristaren ikuspuntutik beretik tratatu dute gaia hemen. Ekintza egiten ari den ETAko kide baten ikuspuntutik». Ez omen da hain ohikoa. «Terrorismoaren gaia landua dute beste literatura batzuetan ere, Erresuma Batuan, adibidez, baina gehienetan ez da tratatu egilearen ikuspegitik, ekintza horiek sufritzen dituen gizartearenetik baizik. Desmitifikatze eta tabuak hausteko asmo bat dago horren atzean. Ikusi nahi da zerk eraman dezakeen pertsona bat ekintza horiek egitera. Zerk eraman dezakeen gizarte bat muga horretara. Badaude bestelako ikuspuntua duten lanak ere, baina kasu berezia da aipatu dudana».
Badago beste adostasun bat aditu eta idazleen artean ere: gatazkaren inguruko literatura lanen kalitatea. Testu guztiak ez dira onak, baina gai horrekin lotutakoak dira dauden onenetariko batzuk. 1997an Juan Mari Torrealdaik idazleei hamar liburu onenak hautatzeko eskatu zienean, adibidez, zerrendako bost ziren gatazkarekin loturikoak. Erdiak. Egun portzentajea ez litzateke oso bestelakoa izango.
Trauma lantzeko bide
«Esaten da kontakizun ofizial bat idatzi beharra dela, baina kontua da hemen ez dagoela memoria bakar bat, ez dago biktima bakar bat, eta ezin da kontakizun bat eta bakarra eta ofiziala izan. Memoria diferenteak daude. Literaturak, igual, memoria kolektibo hori lantzen lagundu dezake». Hori da Izaro Arroita literatura ikerlariaren lanaren ildoetariko bat; memoria eta literaturaren bidegurutzean jarriak ditu begiak. «Trauma kolektiboak lantzeko bide izan daiteke literatura. Ez da inperatibo bat, baina ez da kasualitatea ere historia bortitza duten herrialde guztietan egiten baita hori. Eta zerbaitegatik da». Aurtengo produkzioa aipatzen du adibidetzat: Angel Lertxundiren Etxeko hautsa, Harkaitz Canoren Twist eta Koldo Izagirreren Egarri egunak portu aldean. «Etxeko hautsa liburuan protagonista ETAren biktima bat da. Twist liburuan, aldiz, gerra zikinaren biktimak. Biktima diferenteak daude, eta memoriak ere diferenteak». Horiek elkarren ondoan jartzeko gunea izan daiteke literatura. «Nobelaren eginkizuna, adibidez, izan daiteke garrantzitsua, berezko ezaugarria duen polifonia horregatik; aglutina ditzake diskurtso diferenteak.
Desoreka bat aipatzen du Mikel Soto Txalaparta argitaletxeko editoreak. Ziur aski, oreka ere zaila dela onartuz. Gatazkari buruzko narrazio antologia bat prestatu zuen 2008an; Haginetako mina izenekoa. Beñat Sarasola literatur kritikariak bilduma hari oreka falta zitzaiola idatzi zuen. ETAren biktimen presentzia oso murritza zela. «Baliteke hala izatea», aitortu du Sotok, «baina hori da dagoena. Ahal izan den moduan eta ahal izan den ikuspegitik landu dute gaia euskal idazleek. Oso zaila da baloratzea zer lan bete duen zentsurak edo autozentsurak idazle bakoitzaren kasuan, noiz iruditu zaion parte bati ahotsa eman behar zitzaiola eta besteari ez. Badago desoreka bat. Konbentzioz aitortzen bada gatazkan bi alde daudela, zalantzarik gabe esan dezakegu euskal aldeak askoz ere oihartzun handiagoa izan duela». Zaila da idazleei arrazoia galdetzea, Sotoren ustez. «Literatura litzateke erantzuna».
Hutsuneak egon daitezkeela onartu du Mikel Aierbe literatura adituak, baina ez da betelanaren aldekoa. «Ez dakit zer punturaino hutsuneak bete behar diren kontakizunekin. Ez dugu kontatu terrorismoa jasaten duen familia baten errealitatea? Ez dakit batzuetan zer behar dagoen hutsune horiek suplantatzeko. Inork egin nahi badu, aurrera, baina hori da dena. Egia da hasierako hamarkadetan abertzaletasunaren barrutik sortutako literatura bat izan dela gatazkari buruzkoa. Sektore batekiko onbera. Hori gaur egun aldatzen ari da. Azken aldiko narratibagintzan, Uxue Apaolazaren Mea culpa liburuan eta Jokin Muñozen Antzararen bidean kasu, oso kritiko ageri dira idazleak sektore askorekin».
Kasuistikaren lilura
Orain hilabete inguru Saizarbitoriaren hitzaldi batean gertatua dakar gogora Olaziregik. «Zergatik ez zara jarri inoiz guardia zibil baten larruan?», galdetu zion entzule batek. Galdera sakonago bat dago galdera horren atzean, Olaziregiren ustez. «Zer da literaturaz eta gatazkaz hitz egiten denean jendeak eskatzen duena? Posizionamendu moral bat? Etikoa? Edo literaturak eskain dezakeen beste hori da eskatzen zaiona, galderak planteatzea, hain zuzen ere? Kasuistikak liluratzen du jendea, baina ez da hain garrantzitsua zer gai hartzen duzun, baizik eta zer ikuspuntutik lantzen duzun. Ez da zer, da nola». Hori da literaturaren balio gehigarria, dioenez. «Kazetaritza eta historiagintza baino lotuago dago gure barruko beldurrekin. Literatura lekukotzak diren neurrian, maiz, sinesgarriagoak dira, zintzoagoak... Bilatzen du barruko pitzadura. Horregatik, literaturak badu balio oso handia gure gizartea aztertzeko. Literaturan daukazu gizaki bat sufritzen duena».
Galderak berritzea da, Zalduaren ustez, literaturaren eginkizuna, ez ezin hautsizko atxikimenduak bilatzea. «Lopez lehendakariak errelato hitza darabil, eta literaturatik hartu dute hitza maileguan, baina halako azentu etiko edo filosofikoa eman diote, eta ez literarioa. Hain zuzen ere, hori da literaturari berezkoa zaiona, kontakizun bakar bat ez izatea. Kontakizun asko daude, eta euskal literatura hornituta dago».
«Egongo dira botere borrokak, kontakizun bat edo bestea gailendu dadin», Aierbek aurreratu duenez, eta literaturan ere jokatuko da lehia horren zati bat. «Izatekotan ere, azkenean, kontakizunak izango dira, ordea. Pluralean. Ehun urte badira 36ko gerra hasi zela, eta orduko kontaketekin gabiltza oraindik. Euskal gatazkarekin ere antzera izango da». Joango da eta itzuliko da gaia. Errekarri bat, liburutegietan.
Literatura. Euskal gatazka
Hitzen gatazka
Urteak dira idazleak euskal gatazkaren gaia literaturan lantzen hasi zirela, baina maiz itzultzen da literaturaren eta memoria hurbilaren arteko harremanari buruzko eztabaida; aldian-aldian. Gaurkotasuna du berriz memoria hurbilak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu