Hitzen inflaziotik urrundu nahian

Eduardo Galeano idazleak parada egin du egunotan Bilbon eta Donostian 'Los hijos de los días' azken lana aurkeztekoKritikaren saria jaso zuen atzo goizean Bilboko Liburu Azokaren aurkezpenean

Bilbo
2012ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Hamaika aldiz erditu da bere azken lanaz Eduardo Galeano idazle uruguaitarra. Isiltasuna baino garrantzitsuago diren hitzen bila aritu izan da beti, eta hala egin du oraingo honetan ere, «hitzen inflaziotik urrundu nahian». Atzo izan zen Bilbon, editore eta liburu saltzaileek ematen duten Kritikaren Saria jasotzen, eta Los hijos de los días (Egunen seme-alabak) bere azken lana aurkezten. Bilboko Liburu Azokaren aurkezpenean jaso zuen saria. Arratsaldean, berriz, irakurleekin topo egin zuen hiriburuko Campos Aretoan.

Saria jasotzeaz batera, prentsaren eta hara bildutako irakurleen aurrean mintzatu zen. Besoak gurutzaturik eta pentsakor hartu zuen lekua mahaian, eta lasai aritu zen, idazlea bereizten duen elokuentziaz. Esker onez eta umiltasunez jaso zuen saria: «Euskaraz ez dakidan arren, gutxi gorabehera asmatu izan ditut mahaikideek nire inguruan esandakoak. Semetxoa eskutik hartuta, senarraren hiletara joan eta hari buruzko diskurtso ederrak entzun zituen alargunaren antzera sentitzen naiz. Laudorioen ur-jauzi horretan, alargunak semea eskutik hartu eta esan zion: 'Goazen, laztana, hildakoz erratu gara eta'. Ni ere, hala sentitzen naiz nire inguruko hitzak entzutean, iruditzen baitzait ez direla nire inguruan ari, gehiegizkoak dira», aitortu du.

Idazle «konprometitua»

Sariarekin,50 urteko ibilbide literarioa saritu dute, baina, bereziki, Galeanoren munduari begiratzeko erari aitorpena egin nahi izan diote: «Eduardo Galeano mundu osoko irakurleen maitasuna bereganatu duen idazlea da. Oso idazle konprometitua da, eta munduaren kontzepzio epikoa erakusten digu bere istorioetan. Iraganera begiratzen erakusten digu, eta, hala, orainaldiaren gakoak erakusten dizkigu», azaldu du Kepa Torrealdai Bilboko liburu saltzaileen ordezkariak. «Esan bezala, nazioartean maitatua da,gogorarazten baitigu injustiziari alaitasunetik aurre egin ahal zaiola», gaineratu du.

Las venas abiertas de América Latina eta El libro de los abrazos liburuen idazlea bere azken lanaren promozioan murgildurik dago orain, eta, «jaioberria ibiltzen has dadin» mundu osoan dabil aurkezpenak egiten. Euskal Herrian parada egin du egunotan, eta Bilbon izan da azken egunetan. Gaur, berriz, Donostian egongo da irakurleekin solasean aritzeko, Deustuko Unibertsitateak Gipuzkoako hiriburuan duen egoitzan (Mundaiz, 50), 19:30ean.

Irakurleekin izan dituen topaketetan, paperezko liburuaren osasun ona baieztatu duela argitu du: «Adituek etengabe gonbidatzen naute paperezko liburuaren hiletara, paperak ez omen du lekurik mundu honetan, eta liburuak pantaila batean irakurri behar izango ditugula diote. Eta hala ere, liburuak osasuntsu dabiltza oraindik,bizikide eta lagun dira oraindik», azaldu du. Oso baikorra da paperezko liburuaren etorkizunaren inguruan: «Liburu batek zeresanik duenean, norberak belarrian jarri eta arnasketabat entzun dezake, zure bidean laguntzera prest dagoen norbaiten arnasketa dago hor, onean eta txarrean zurekin egongo den norbaitena».

Hitz idatziaren garrantziaz aritzeaz gain, ozen irakurritakoaren edertasunaz ere mintzatu zen. Ozen irakurtzean, literaturak musikarekin egiten du topo, haren iritziz. Ederra zaio hitzak orrialdetik airera ihes egiten dutenean, eta, horregatik, irakurleekin egiten dituen solasaldietan, haren liburuaren testuen irakurketak egiten ditu. Atzo arratsaldean Campos aretora joan zirenek Los hijos de los días liburuko testuak idazlearen ahotik entzuteko aukera izan zuten: «Urte asko behar izan nituen txikitako maisuei eskerrak eman behar nizkiela ulertzeko, hitzak orrialdetik ihes egin eta airera joaten direnean gozatzen erakutsi zidatelako».

Literaturaz aritzeaz gain, ekonomiaz eta gizartearen egoeraren inguruan ere aritu zen. Mundua gobernatzen duen «finantza kapitalaren diktadura» salatzeaz gainera, gizakiek, egoerari aurre egiteko aukera bi dituztela gogorarazi zuen:«Suminduak eta erdeinagarriak izatearen artean erabakitzera kondenaturik gaude guztiok». Bide horretan, gizarte egoera eta hori aldatzeko nahia duten mugimenduen gorabeherez eta geldotasunaz aritu zen: «Historia 15 minututan gerta dadin nahi dutenek, hobe dute planetaz aldatzea. Historia, hemen, lurrean gertatzen den bitartean, beti izango da geldoa, korapilatsua, kontraesanez betea, gora-beherekin, egunekin eta gauekin».

Diru inflazioa mintzagai izan bazuen ere, bestelako gaiez ere aritu zen. Eta, hain justu ere, hitz neurtuen aldeko aldarria egin zuen. «Diru inflazioa baino larriagoa iruditzen zaidan inflazioaren kontra idazten dut, hitzen inflazioaren aurka». Hala, idazle, politikari, kazetari eta lengoaia darabilen ororenzentzugabeko hitz jarioa kritikatu zuen: «Oso larria da hitzen inflazioa; horregatik, neure burua akusatzen dut, batzuetan ezer gutxi esanda berba gehiegi egiten dudalako, eta hori oso gaixotasun larria da, bai munduarentzat, bai lengoaiarentzat». Horren kontra egin nahi izan du haren azken lanean, eta, berak azaldu bezala, liburuaren hamaika bertsio egin ditu, sobera egon zitekeen hitzak alde batera uzteko.

Bilboko Liburu Azokan, gaurtik eta ekainaren 10era bitartean, irakurleek Euskal Herriko eta kanpoko zenbait idazlerekin solasteko aukera izango dute. Guztira 55 stand jarriko dituzte; horietako bat nobela beltzari eskainiko diote.Beste askoren artean, Ramon Saizarbitoria, Kirmen Uribe, Jon Arretxe, Jose Inazio Lasa, Miren Agur Meabe eta Eduardo Mendoza idazleal bertaratuko dira, eta Toti Martinez de Lezeak jaialdiko Zilarrezko Luma jasoko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.