Donostiako 59. Zinemaldia. Plano subjektiboa

Hitzik gabe

Koldo Almandoz.
2011ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Hala geratu naiz The Artist filma ikusi ostean. Antzoki Zaharretik atera eta lurreratzea kostatu egin zait. Gustatu ote zaidan galdetu didatenean ez nekien zer esan, gustatu zaidala soilik esatea gutxi iruditzen zitzaidalako.

Hainbesterako izan da, erabaki dudala ikusi berri dudan filmari eskaintzea normalean maskorren kinielari eta Zinemaldiari begiratu bat egiten dion azken zutabe hau. Ostirala da. Hau irakurtzen duzuenerako Zinemaldiak berea egin du. Sariak loteria hutsa dira. Maskorrak hondar bihurtzen dira.

Zuri-beltzean filmatutako film mutua da The Artist. Eta, hain zuzen ere, zinemak, mututasunetik soinuen mundura salto egin zuen garaian dago kokatuta. Zinemaz mintzo den zinema. Zinema mutuaren aroko film askori keinu egiten diona. Formatu panoramikoari muzin egin, eta 1:33 pantaila karratuan dago filmatua. Musika eta irudi aldetik estilo ariketa zoragarria eskaintzen du. Gidoia maisulan bat da. Une eta detaile liluragarriz jositako istorioa. Eta gidoiari lotuta pertsonaia zoragarriak. Jan Dujardin eta Berenice Bejo aktoreen lanak lehen segundotik harrapatzen zaitu. Hitzik esan gabe ezin daiteke hainbeste gauza esan. Zakurrak ere bikain egiten du bere papera, baina ez du hainbeste meriturik, ohituagoak gaude zakurren mututasunera.

Michel Hazanavicius zuzendariak nondik atera zuen ekoizle bati honelako pelikula bat proposatzeko kemena? Ez dakigu, baina eskertzen diogu. Eta eskertzen diogu ekoizleari The Artist-en alde apustu egin izana. Sumatuko zenuten ia-ia esperientzia erlijioso batek harrapatuta nabilela. Filmaren edertasunak hipnotizatuta nauka oraindik. Pantaila handian ikusten baduzue, zinema areto bat tenplu bat izan daitekeela sentituko duzue. Eta lilura hau orokorra izan dela jakiteak poztu egiten nau. Oraindik pelikula ezberdin, entretenigarri eta bikainak egin daitezkeela frogatzen duelako. Zinema, magia izan daitekeela gogorarazi didaten film horietakoa da The Artist.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.