Hizkerez eta erregistroez egingo dute gogoeta 'Ahoa bete hots' jardunaldiek

Aktoreak, bertsolariak, musikariak eta ipuin kontalariak mintzatuko dira gaiaren inguruan, azaroaren 7tik 9ra

Koldo Ameztoi ipuin kontalariak, Harriola marriola eskainiko du azaroaren 9an. BERRIA.
Erredakzioa
Donostia
2012ko urriaren 11
00:00
Entzun
Euskararen hizkeretan sakonduko dute aurten, hirugarren ekitaldian, Ahoa bete hots jardunaldiek; batez ere, «ahozko genero berezien alorrean», hala nola ipuin, kantu, bertso eta antzerkian, antolatzaileek adierazi dutenez. «Ahozko ekoizpenean erregistroak erabiltzean sortzen zaizkigun zailtasunak eta irtenbide edo proposamen berriak zein diren jakin eta zabaldu nahi izan dugu», jakinarazi dute. «Gure gaia ez da kantatzean, kontatzean, bertsotan ala antzeztean euskara batuan ala euskalkian egin behar ote dugun. Gure galdera hori baino korapilatsuagoa da: euskara urbanoa / kalekoa edo mendikoa, egungo euskara ala iraganekoa, jardun formal eta informalak, euskalkien baliagarritasuna gure lanean, hizkuntzaren egokitasuna…». Bertsozale Elkartea, EHAZE Antzerkizale Elkartea eta ipuin kontalari talde bat elkartu dira aurtengo jardunaldiak antolatzeko. Hiru egunez egingo dira, azaroaren 7an, 8an eta 9an, Villabonako Mintzola ahozko lantegian (Gipuzkoa).

Aurreneko egunean, azaroaren 7an, asteazkenarekin, antzerki arloko hizlarien txanda izango da. Manex Fuchs, Ainara Gurrutxaga eta Itziar Ituño izango dira hizlari eguerdi artean, eta, gero, atsedenaldi baten ondoren, 11:45ean, Petit Theatre de Pain konpainiak Juglarea, puta eta eroa antzerki obra emango du. Ondoren, 13:00etan, mahai ingurua egingo dute Manex Fuchsek, Ainara Gurrutxagak, Itziar Ituñok eta Ximun Fuchsek, Julia Marin Antzerkizale Elkarteko kidea moderatzaile dutela.

Azaroaren 8an, ostegunarekin, bertsolariak eta kantariak mintzatuko dira. Xabier Amuriza eta Andoni Egaña bertsolariek egingo dituzte eguerdi arteko hitzaldiak, eta, gero, Mikel Markezek kantaldi-hitzaldia eskainiko du, 11:45ean. Ordubete geroago, mahai inguruan Amuriza, Egaña eta Markez bilduko dira, Beñat Gaztelumendi Bertsozale Elkarteko kidea moderatzaile dutela.

Azken egunean, azaroaren 9an, ostiralarekin, ipuin kontalariak izango dira protagonista. Pello Añorga eta Joxe Mari Karrere mintzatuko dira eguerdi artean, eta, gero, 11:45ean, Koldo Ameztoik Harriola marriola saioa eskainiko du. Mahai inguruan, 12:45ean, Añorga, Karrere eta Ameztoi mintzatuko dira, Josune Zabala Mintzola Fundazioko zuzendaria moderatzaile dutela.



Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.