Tokiak. Horiek dira Laida Lertxundi zinemagile bilbotarraren lanen lehengai. Hollywoodeko zinemagintza industriarentzat ikusezinak diren desertu, mendi, errepideko motel eta logela anonimoak protagonista bihurtzen dira bere lanetan.
Llora cuando puedas erakusketa aurkeztu du Laida Lertxundi zinemagile bilbotarrak. Ameriketako Estatu Batuetako hainbat museotan aurkeztu ditu bere lanak, eta jaioterrira etorri da orain, orain arte egin dituen lan guztiak aurkeztera. Erakusketa otsailaren 27tik maiatzaren 18ra bitarte izango da ikusgai Bilboko Alondegian.
Espazio eta soinuarekin jolasten da bere lanetan Lertxundi. 16 milimetroko kamerarekin lan egiten du, eta grabaketek hainbat hilabete irauten dutela adierazi du: “Artisau lana osatzen arituko banintz bezala, egunero aritzen naiz soinuak eta irudiak grabatzen, gidoirik gabe”.
“Ez da zinema zaila, maila intelektualari dagokionez, baina sentsibilitatea, pazientzia, denbora eta arreta eskatzen du Lertxundiren obrak”. Hala definitu du bilbotarraren lana Andy Davies erakusketako komisarioak. Ideia horri jarraituz, eszenografia berezia jarri nahi izan diote erakusketari. Hiru gune bereizi dituzte, eta orain arte Lertxundik egindako zazpi film laburrak daude erakusgai.