Kritika. Musika

Hondakinetan, distira

Vampire Weekenden 'Only God Was Above Us' diskoaren azala.
Vampire Weekenden 'Only God Was Above Us' diskoaren azala.
2024ko apirilaren 14a
05:10
Entzun

VAMPIRE WEEKEND

'Only God Was Above Us'
Diskoetxea: Columbia.

2000ko hamarkadan sortutako talde-tsunamiaren hondarrak baino ez dira gelditzen joera hiritarrek eta latindarrek eraikitako egungo inperioan, baina hondakin horien artean, Vampire Weekend taldeak bere horretan dirau; hau da, askotariko soinuak barneratzen dituen pop disko erraldoiak egiten.

Bada, Only God Was Above Us bandaren bosgarrena da, eta adituen aburuz, New Yorkeko hirukoteak (Ezra Koenig, Chris Tomson eta Chris Baio) argitaratu duen lan bikainenetakoa da —ni neu zale amorratua izan gabe, gogotik gozatu dut—. Hartara, lan berri hau hamabost urteko ibilbide oparoa biribiltzera dator, aurrerapauso trinkoa baita, nahiz eta taldearen marka lehenengo notatik nabaritzen den. XX. mendeko New York hiriari egindako omenaldi gisa sortutako lana da, eta horren erakusle dira Koenigek duela bost urte inguru idatzitako testu adimentsuak, zeintzuk iraganeko istorioen inguruan ardazten diren, iraganaren eta orainaren arteko harremana jorratzeko asmoz; esaterako, Mary Boone kantuak 80ko urteetan iruzur fiskalagatik kartzelatu zuten arte-bildumagile bati buruzko hitzak biltzen ditu.

Horiek horrela, grabazioak metropoli handiaren espiritua eta aniztasuna bereganatzen ditu, eragin musikal ugariren bidez (afropopa, hip-hopa, jazza, klasikoa...) eta bere aurreko grabazioetako ohiko fintasuna hautsi duen Dave Fridmannen ekoizpen-lan burrunbatsuagoaren bitartez.

Kantu zerrendari dagokionez, diskoa Ice Cream Piano doinuarekin abiatzen da, zeina bare hasi izanagatik ere, laster azeleratzen den soinu-eztanda koloretsuan, soka-konponketez apaindua eta pianoak bultzatua. Leherketa kaleidoskopiko hori jarraian datorren soinu-collagearen txinparta baino ez da, diskoan pop psikodelikoaz bustitako beste 11 kantutzar loratzen baitira.

Jarraian, Classical azaltzen da: bere klasikotasuna txikitzeko gaitasuna erakusten duen doinua da, free-jazz kutsuko tarteen poderioz. Capricorn abestiak, berriz, ezaugarri popzale estandarragoak emititzen ditu, gitarra akustikoen bidez, baina hirukoteak ziztuan iraultzen du giroa, hip-hop erritmoetan kiribiltzen den Mary Boone haizatzeko edo trip-hop atmosferatan murgiltzen den The Surfer aurkezteko, tronpeta hotsekin eta soken xehetasunekin osatua. Eta bien artean, Gen-X Cops rock erasoa txertatu du bandak ausart.

Zortzi minutu inguru irauten duen Hope doinuarekin amaitzen da diskoa, taldeak orain arte plazaratu duen kanturik luzeena. Egitura klasiko eta errepikakorrean garatzen da, aurreko 11 kantuek eragindako olatu lisergikoari lasaitua emateko. Laburbilduz, estatubatuarrek erakutsi dute beren proposamen pop zalea berritzeko gaitasuna dutela, betiere psikodeliaren eta bikaintasunaren bideari jarraituz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.