Hondamenaren irudi partziala

Juanli Carrionek informazioa antolatzeko sistema birtualen eragina azaldu nahi du Artiumen

Juanli Carrion, Googlen egindako bilaketaren emaitzen aurrean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Argazkiak munduaren aurreko egoera baten aztarnak direla azaldu izan du Victor Burgin artista eta saio idazleak, eta argazki guztien batuketa munduaren hondamendia litzatekeela ebatzi. Ideia hori bere egin du Juanli Carrionek (Yecla, Espainia, 1982), eta bere ikuspuntu kritikoa gehituzMunduaren hondamen amaigabea eraikiz egitasmoa sortu du bertatik. Prozesua abenduaren 13tik ikus daiteke Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoan, Gasteizen.

Hondamena irudikatzeko argazkien aukeraketa Internetez egiten ari da Carrion, euskara, gaztelera eta ingelesa erabiliz: hondamen, ruina eta ruin. Bilaketetan agertzen diren emaitzak hartu, eta horiek gainjarri nahi ditu, hondamenaren hiru irudi lortzeko, bat hizkuntza bakoitzeko. Hitzen bilaketan gaur egungo gizartean berebiziko tokia eskuratu duen tresna bat erabiltzen ari da Carrion: Googleko argazki bilatzailea. Argazki bilatzaileen artean Googlerena da hedatuena gure artean, eta horretaz baliatu da egungo gizartearen kritika egiteko.

Bilatzaile horrek emaitzak zenbait irizpideren arabera aukeratzen dituela gogorarazi du Carrionek: ordenagailua zein herrialdetan dagoen, aurretik zein webgunetan sartu den, zein hizkuntza erabiltzen duen edota denbora bera. «Bilaketak egun batean egin nituen, baina beste noizbait egin izan banitu, emaitzak ezberdinak izango ziren». Hori azaldu nahi du egitasmoaren emaitzan, eta informazioa antolatzeko sistema birtualek memoria kolektiboa eratzean duten eragina erakutsi.

Lekuaren arabera izandako emaitzen artean dagoen aldea erakusteko, Artiumen egiten ari den lana New Yorkeko Abrons Art Centeren egindakoarekin osatuko du. «Lengoaian eta kokapenean oinarritzen den Interneteko hierarkia azaltzea da egitasmoaren helburuetako bat». Hain zuzen ere, azaroaren 4tik abenduaren 8ra arte New Yorkeko aipatutako lekuan egin zuen abenduaren 13tik aurrera Artiumen egingo duen lan bera: argazkien bilaketa eta horien gainjartzea.

Artiumeko erakusketa aretoan ikus daiteke New Yorken egindako lanaren emaitza: Hondamen, Ruina eta Ruin izeneko hiru koadro. «Egitasmoa bukatzean ikusiko dugu zenbateraino dagoen aldea bi lekuen arteko bilaketetan», azaldu du Carrionek.

Munduaren hondamen amaigabea eraikiz egitasmoaren pausoak Artiumen bertan ikusi ahal izango dituzte bisitariek, zentro-museoko Praxis izeneko egitasmoen barruan baitago. Sormen prozesua erakusten dute Praxisen dauden egitasmoek, eta, azken honetan, asmo horretan pauso bat urrunago joan dira. Hala, Carrionen lana New Yorkeko Abrons Art Centerren ere ikusi ahal izango dute zuze- nean.

Egitasmoa bukatzeko, Googlen aurkitutako irudiak gordetzeko erabiliko dituen memoria txartelekin eskultura bat egingo du, Carlo Fratacciren Basilica argazkian oinarrituta.

Teo Sabandori, agur

Aurkezpena baliatuta, Teo Sabandoren (Viana, Nafarroa, 1954) heriotzagatik dolumin bizienak eman zituen Dani Castillejo Artiumeko zuzendariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.