Gastronomia

Hondarribiko Gran Sol tabernak irabazi du Euskal Herriko pintxo txapelketa

Bixente Muñoz eta Mikel Muñoz anaiek egindako pintxoa izan da garaile; bakailaoa, foie grasa eta pikillo piperra ditu.

Ilargi Agirre.
2013ko urriaren 16a
16:24
Entzun

Etxean geratu da saria. Hondarribian egin dute, gaur, Euskal Herriko pintxo txapelketaren finala, eta herriko Gran Sol tabernari eman diote lehen saria, Bixente Muñoz eta Mikel Muñoz anaiei. Bakailao ketuz egindako pintxo bat prestatu dute, foie grasarekin eta pikillo piperrekin, eta soja saltsa eta modena ozpinez lagunduta. Aurten lehen aldiz herritarrez osatutako epaimahai bat ere egon da, eta herri epaimahaiaren saria ere Muñoz anaientzat izan da. 2010ean ere lehendabiziko geratu ziren anaiak. Oso pozik agertu da Bixente Muñoz saria jaso eta gero: "Ez genuen inondik ere espero. Emozioen kontraste bat da pintxo hau. Zaporea bilatu nahi genuen; ahoan zapore asko batera lehertzea nahi genuen, eta emozioen bidez bidaiatzea", adierazi du. Bi epaimahaiek erabaki bera hartzeak, gainera, harro sentiarazten duela esan du. 3.000 euro, txapela eta Ramon Rotetak egindako oroigarria jaso dituzte anaiek.

Sukaldari ezagunek osatutako epaimahai batek dastatu ditu pintxoak. Paco Torreblanca epaimahaiko lehendakariak ere pintxo irabazlearen zaporea nabarmendu du. Kontatu du epaitzeko orduan hainbat arlo hartzen dituztela kontuan. Estetika eta irudimenaz gain, zaporea da %60. "Eta oso zapore ezagunak zituen pintxo honek. Oso ona zegoen". Horrez gain, lehiaketaren maila oso ona izan dela esan du. "Lehia estua izan da".

Bigarren saria Angela Basabe, Felix Manso eta Xabi Izagirrek eraman dute. Irungo Gaztelumendi tabernako kideak dira hirurak. Eta hirugarren saria Remy Scale eta Pascal Etxeberriak jaso dute. Donibane Lohizuneko Zoko Moko tabernakoak dira. Ia 80 pintxok parte hartu dute Euskal Herriko pintxo txapelketan. Astelehenean hasi zen lehiaketa, eta hamar iritsi dira gaurko finalera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.