Hondartzatik itsasora

The Uski's-ek soinuan «potentzia apur bat gehiago» bilatu du 'Tximinotan' haien laugarren diskoan

Igor Susaeta.
2012ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Barrenak, haien bizitza filosofiak, lerro bati jarraitzeko eskatzen die The Uski'seko kideei. Oier Laka gitarra jotzaileari iruditzen zaio «beti» egon daitekeela «gorabeheraren bat». Batzuetan gehiago jotzen dutela popera, besteetan rockera, baina «ildo jakin bat» daukatela. Tximinotan (Baga-Biga), beren laugarren diskoa, lerro horretatik aldendu gabe ondu dute, hondartzatik itsasorako bidea eginez. «Igual hitzetan kaiko kutsua du, hondartzakoa baino...». Bestela, Ibarrangelu eta Elantxobeko taldea ez da apenas aldatu Itxosun zarati (Oihuka, 2005) lehen diskotik gaurdainoko tartean. Hori bai, soinu aldetik «potentzia apur bat gehiago» bilatu dute hondartzatik itsasorako tarte motzean. Sortutakoa Bilboko Kafe Antzokian aurkeztuko dute, gaur, 21:30etan.

Eta jendea ez dadila hara bertaratu surf doinuak entzutera. Izan ere, Lakak argi dauka: «Beti esan izan digute surf musika egiten dugula, baina ez da hala». Uste du estilo oso zehatza dela surf musika: «Dick Dalek-eta egiten zutena da. Instrumentala, sonoritate jakin bat duena. Jendeak pentsa dezake Beach Boys-ak direla surf musika, baina hori ez da surf musika».

Tximinotan-ek (txipiroien bila joatea esan nahi du) gehiago du rock and roll-etik beste ezertik baino. «Bai instrumentalki, bai ahotsetan...». Hartara, azken diskoa da «koru gehien» sartu duten lana. Baina erabilera jakin bat emanez: «Halere, koru horiek besteetan baino garrantzia gutxiago dute, agian, soinu indartsuagoaren bila joan garelako». Elementu guztientzako tokia behar dela, alegia. «Hortaz, bateriaren bolumena igotzen badugu, beste zerbaitena jaitsi behar da. Eta kasu honetan ahotsei tokatu zaie», azaldu du Lakak.

Halere, abestea «asko» gustatzen zaienez, jarraitzen dute estribilloei, ahots jokoei eta melodiei heltzen: «Beste ezertan baino, abesten gara trebeak. Jotzen.... Beno, ahal dena egiten dugu, baina ez gara abilak». Eta abestietan ez diote kritikari leku gehiegi egiten: «Ez gara hain gaizki bizi, beraz ez dugu kritikarako gogo larregi. Gure belaunaldiko edozein gaztek buruan duenari buruz kantatzen dugu. Rock and roll-eko betiko gaiak izan daitezke, igual...». Jaiak, neskak, garagardoak, herriko kontuak... Gauza horietaz mintzo dira diskoko 13 kantetako gehienak: Bikinitxiki, Azkaninalkarregaz, DomekaBlues, Artarri, Berbazaharrak... Bizkaieraz beti. « Talde bizkaitarra gara. Guztiz. Ez dugu egiten exotikoagoak izateko. Gure hitz egiteko modua da, eta hor mugitzen gara gustura. Batuan egingo bagenu, beharbada freskotasuna galduko genuke».

Irmo eusten diote hautu horri, baina Lakak pentsatzen du erabakiei ez dizkietela «buelta gehiegi» ematen: «Egiten duguna da ateratzen zaiguna. Ez dugu pentsatzen aurreko diskoarekin alderatuta zerbait diferentea egin behar dugunik. Ez dugu ezer zehatzik bilatzen».

Grabaketetan, ekoizpenean eta nahasketetan, baina, Iñigo Etxebarrieta Pitu-k gidatu ditu; aurreneko lana bezala, azkenekoa ere Mungiako (Bizkaia) Musikon estudioan grabatu dute. «Normalean» bakoitzak etxetik entsegu lokalera eramaten duen ideia errespetatzen da. Ez daukate musikagile zein hitzen egile «ofizialik». Anartz Laka abeslaria, Jon Zamea baxu jotzailea eta Oier Laka bera arduratzen dira bi kontuez. «Bakoitzak etxetik ekartzen ditu bai musika eta baita hitzak ere». Gainera, «antzeko» musika gustuak dituzte denek.

Hasieran, 'rara avis'-ak

Gustu horiek talde batera eraman zituztenean, jaio zirenean, rara avis moduko bat ziren Euskal Herriko musika panoraman. «Igual bai... Gure lekuari eutsi diogu, baina egia da hemengo panorama zabaldu dela apur bat». Haiek kostaldeari kantatzen diote oraindik, ordea. «Herri txikikietakoak gara, eta besterik ez dugu ikusi. Gure musa da, bizitzan ikusi dugun gauzarik politena». Orain, hondartzatik itsasorako tartea ibili dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.