Duela bi urte, Mikel Laboaren heriotzak utzitako saminak markatu zuen Durangoko Azoka. Atzo, aurtengo ekitaldiko lehen egunean, arrasto sakona utzi zuen Xabier Leteren osasun egoera larriaren inguruko kezkak. Izen handiak esaten zaien horietakoak dira, eta Durangon begirune berezia izaten zaiei beti izen handiei.
Azokan izan zen Xabier Lete zena duela bi urte. Jende multzo handiak gustukoak ez izan arren, adeitasun handiz sinatu zituen Egunsentiaren esku izoztuak poema liburu orduantxe atera berriaren aleak, eta gustura sentitu zen irakurleen ondoan.
Durangon hala senti zitekeenik pentsatuko ez nukeen jende asko ikusi dut Durangon gustura. Horixe dauka Durangok. Hasieran sentiaraz diezazukeen uzkurdura gaindituz gero, ondo hartzen zaitu. Estutu gabe besarkatu eta ezusteko txikiak eskainiz zaramatza batetik bestera, eta gero, agurraren ordua iristen denean, halakorik gerta zitekeenik uste ez bazenuen ere, pena ematen dizu handik alde egiteak.
Gerediaga elkarteak, krisiaren ondorioz, ekitaldi gutxiago antolatu du aurten, eta nekez asmatuko du azokari benetako kutsu erotikoa ematen. Berdin dio. Inork ez du hoberik asmatu. Horixe dauka Durangok.
DURANGOKO 45. EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA. Ahaztu baino lehen
Horixe dauka Durangok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu