Horma berriak musikarientzat

Bi hilabete daramatzate kontserbatorio berriek zabalik Iruñean, baina atzo egin zuten irekiera ekitaldia politikariek

Nafarroako Gobernuko ordezkariak, Musikaren Hiriko ikasgela bat bisitatzen. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2011ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Aspalditik bazen musika. Urteak ziren ikasleei Pablo Sarasate kontserbatorioko hormak txiki gelditu zitzaizkiela, eta etenik gabe berritzen zen eskaria. Lehentasun gisa aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuak kontserbatorioentzako eraikin berriaren beharra Nafarroa 2012 planean, eta aurten ireki ditu ateak, azkenean. Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioa eta Pablo Sarasate Kontserbatorio Profesionala hartzen dituMendebalde auzoan eraiki duten guneak, eta Musikaren Hiria deitu diote. Irailean hasi zen martxan, baina atzo inauguratu zuten ordezkari politikoek. 17.000 metro koadro ditu, eta 22,4 milioi euroko kostua izan dute eraikuntza lanek.

Eraikin berriaren garrantzia azpimarratu zuen Julio Eskauriaza Goi Mailako Kontserbatorioko zuzendariak: «Hezkuntza bikaintasunetik gertuago gaude». Etorkizunera begira egindako inbertsio bat izan da Musikaren Hiria, haren hitzetan. «Inbertsio handia izan da, bai, baina ongi erabilita dago dirua. Eragin zuzena du musika hezkuntzak etorkizuneko belaunaldien giza kalitatean». Iragana eta etorkizuna izan zituen gogoan Enrique Maia Iruñeko alkateak ere. «Musikaren Hiriak errespetuz begiratzen dio iraganari; Fernando Remacha, Pablo Sarasate eta Julian Gaiarre musikarien garaiari, adibidez. Baina baita etorkizunekoei ere. Komunitate kultural, ausart, moderno eta garaikidea eraikitzen lagunduko du».

Nafarroako musika hezkuntzaren azpiegitura osoa ekarri zuen gogora Barcinak inaugurazio ekitaldian. 50 udal musika eskola daude, guztira, eta 12.000 ikasle baino gehiago. «Gure inguruko herrialde musikazaleenen mailan jartzen gaitu datu horrek; Europako bataz bestekoa baino gorago, eta Espainiakoa baino askoz ere gorago». Erronka urtea ere izango dela aipatu zuen. Egokitzapen sasoia da, izan ere, Goi Mailako Kontserbatorioarentzat. Europako legedira moldatu beharrean dira, eta 2013-2014ko ikasturterako izango dute prest gradu ikasketen eskaintza osoa.

380 eserlekuko auditoriuma

Independentea da kontserbatorio bakoitza. Sarrera propioa dute biek, eta banatutako bi kubo dira, funtsean, baina zerbitzu gune komuna dute, eta bat dira arkitektonikoki. Hiru solairu ditu Musikaren Hiriak, eta 185 ikasgela. 49 ikasketa gune dauzka, lau koro edo orkestrentzako gela, grabazio estudio bat... Liburutegi, mediateka eta idazkaritza bana ere badituzte kontserbatorioek. 380 pertsona har ditzakeen auditorium bat ere eraiki dute. Bisita gidatuaren ostean, han izan zen atzo irekiera ekitaldia.

Auditoriuma erabat bukatu gabe zutela hasi zituzten lehen eguneko eskolak irailean Musikaren Hiriko 803 ikasleek; ordenagailurik gabe, eta liburutegia oraindik hutsik zeukatela. Azpiegitura osatuz joan dira gerora, baina atzeratu egin du orain arte inaugurazioa Nafarroako Gobernuak. Santazeziliatan ikasleek ezin izan zuten auditoriuma erabili, horregatik. Atzokoan, agerikoa zen gunea martxan hasia zela: ikasleak ere bazeuden. Nafarroako musikarien izen-abizenak dituzte eraikineko gela gehienek. Fernando Remacha konpositorearen izena darama auditoriumak, eta Fernando Perez Ollo musika kritikariarena mediateketariko batek.

Lehen solairuko lehen gelan egin zuten sartu-irtena inaugurazioan politikariek; Miguel Nabarro izenekoan. Julian Romano gaita jotzailearen izena du bigarrenak, eta ageri du jadanik erabileraren arrastorik. Julian Romano Julai Romano bihurtu dute ikasleek. Politikariak ez ziren hara heldu, baina ateak irekita izan zituen Musikaren Hiriak arratsaldean ere, eta ikasleak aritu ziren gidari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.