Hotzaren gainetik egingo dute gaur Hatortxurock

Des-Kontrol, Txarrena, Kop, EH Sukarra, Su Ta Gar, Anestesia, Hesian, Kauta, Zea Mays eta Tximeleta ariko dira

ERREDAKZIOA IRUñEA
2009ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Kauta, Des-Kontrol, Txarrena, Kop, Anestesia, EH Sukarra, Su Ta Gar, Zea Mays, Hesian eta Tximeleta taldeek joko dute aurtengo Hatortxurock jaialdian. Euskal presoen aldeko festibala gaur egingo dute, Nafarroako Berriozar herrian. 18:30ean zabalduko dituzte jaialdirako espresuki atondutako karpak. Eta 19:00etan hasiko dira kontzertuak. Des-Kontrol izango da jotzen lehena. Eta Arrasateko taldeari segituko diote besteek.

Des-Kontrolek bezala, disko berria aurkeztuko du Kautak, Isladak izeneko lana. Hesianek agertoki nagusian joko du aurten. Iaz arrakasta itzela lortu zuen gune alternatiboan, eta taldeak disko bat atera duela ikusirik -Herriaren oihua du izena lanak- aurten agertoki handian jotzea merezi duela erabaki dute jaialdiaren antolatzaileek. Nabarmendu dutenez, estilo eta garai askotako taldeek parte hartuko dute aurtengo Hatortxurocken. Baina denek dute zerbait komunean: euskaraz abesten dute.

Hurrengo edizioa, hamargarrena

Halaber, denek joko dute euskal presoen sakabanaketak eragiten dituen «gastu ikaragarriei» aurre egiteko dirua biltzeko. Helburu horrekin sortu baitzen Hatortxurock jaialdia 1999. urtean. Hasiera batean, urte bateko ekimen moduan egin zuten. Baina harrera polita izan zuela ikusirik, berriro egitera animatu ziren. Eta halaxe antolatu zuten 2000. urtean Hatortxurock festibalaren bigarren ekitaldia.

Gabonen bueltan egin izan dute beti jaialdia. Abenduan, gehienetan. Aurten, baina, urtarrilean egingo dute. Hamargarren urtemuga, berriz, hurrengo ekitaldian ospatuko dute. Hamargarren ekitaldia, orobat, aurten egingo dute. 2009ko Gabonetan, dena ondo bidean.

Izan ere, Hatortxurock jaialdiaren antolatzaileek makina bat oztopori egin behar izaten diete aurre urtero karpak jartzeko baimenak lortzeko eta dena garaiz eta txukun lotuta izateko. Jakina baita Nafarroako Gobernuari ezer gutxi gustatzen zaizkiola tankera horretako ekimenak.

Euskal Herriko musika talde ugarik osatu dute Hatortxurocken hamar urteko historia. Eta atzerritik ere etorri izan dira batzuk. Aurten Kop taldea iritsiko da Kataluniatik. ETAri laguntza ematea egotzita, sei urte egin zituen kartzelan taldeko musikarietako batek, eta hura espetxetik irtetean, 2007an atera zuen taldeak disko berria, Nostrat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.