Terrence Malicken The Tree of Life-k eraman zuen aurtengo Cannesko zinemaldiko sari nagusia, urrezko palmorria. Hala ere, epaimahaia eskuzabalagoa izan balitz, akaso Aki Kaurismakiren Le Havre filmarekin partekatu beharko zukeen saria. Hori izan zen kritikari askoren iritzia; bat etorri ziren finlandiarraren azken lana goi mailakoa zela. Antzeko iritzia izan zuten Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi sailean filma ikusteko aukera izan zuten gehienek.
Kontua ez da harritzekoa Kaurismakiren filmografia luze eta oparoari erreparatuz gero. Gorabehera handirik gabeko zuzendaria da, estilo eta gai zehatz batzuei lotutakoa. Haren pelikulek Europa garaikidearen B aldea erakusteko balio izan dute. Harena zinema soziala da, baina dardennetarrek ez bezala, ironia berezi eta sailkaezin batez zipriztintzen ditu bere istorio tristeak.
Marcel Marx idazlea da Le Havre-ko protagonista. Izen bereko hirira jo du, mundutik ihes egin nahian, eta zapata garbitzaile gisa hasi da lanean. Lana, Arletty emaztea eta ondoko taberna dira orain haren motibazio nagusiak; lasai antzean bizi da horrela. Jendearengandik hurbil sentitzen du bere burua, eta ez ditu garai bateko asmo literario handiak.
Egun batean, baina, Afrikatik ailegatu berri den etorkin gazte bat ezagutuko du. Hortik aurrera, estatuaren burokrazia itsuaren kontra borroka egin beharko du, eta bere ohiko baikortasunera jo beharko du bizitzaren bidegabekeriari aurre egiteko.
Frantzian filmatu du pelikula Kaurismakik, baina bertan islatu duen errealitatea Europako edozein herrialdetakoa izan ahal dela esan du. Izan ere, zuzendariak kezka agertu du zinemagile europar gehienek ez diotelako immigrazioaren gaiari zintzotasunez heldu; nahiago izaten dute ezikusiarena egin.
'LE HAVRE'
Zuzendaria: Aki Kaurismaki.
Aktoreak: Andre Wilms, Kati Outinen, Jean-Pierre Darroussin, Blondin Miguel, Elina Salo, Jean-Pierre Leaud.
Herrialdea: Finlandia.
Urtea: 2011.
Iraupena: 93 minutu.
Estreinaldia.Gaur estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Hotzetik etorri zen gizona
Etorkinen Europari aurrez aurre begiratu dio Aki Kaurismakik bere azken filmean, 'Le Havre'-n
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu