Urtarrilean iritsi zen Frantziako liburu dendetara Michel Houellebecq idazlearen Soumission eleberria, polemikaz inguraturik. Frantzian, hamabost urte barru, alderdi islamista moderatu batek boterea demokratikoki eskuratzen duela planteatzen du liburuak, eta kritika gogorrak jaso zituen idazleak bertan idatzitakoengatik. Islamofobia sustatzea leporatu diote idazleari, besteak beste. Orain, euskaraz ere irakurri ahal da Sumisioa, Gerardo Markuletak ondutako itzulpena plazaratu baitu Meettok argitaletxeak.
Markuletaren ustez, baina, idazleak hainbat elkarrizketatan islamaren aurkako adierazpenak egin izan baditu ere, nobela berrian ez da halakorik nabarmentzen. Islama "baliatu" egin du Houellebecqek, itzultzailearen ustez, Frantziako gizartearen erretratu kritikoa egiteko.
Urtarrilean, Parisen Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako erasoak gertatzearekin batera aurkeztu zen liburua Frantzian. Euskarazko itzulpena, berriz, Parisen joan den astean gertatutako erasoek markatuta iritsi da.