Donostiako 61. Zinemaldiak Hugh Jackmani emango dio Donostia saria. Aktoreak protagonista gisa egin duen azken filmaren —Prisoners— emanaldiaren aurretik jasoko du saria, irailaren 27an hain zuzen ere.
Jackman Oscar sarirako izendatu dute, eta Urrezko Globo bat eta Tony bat irabazi ditu. Australian jaioa da aktorea, eta AEBetan eginiko lehenengo rol garrantzitsua Wolverinerena izan zen, X-Men saileko lehenengo kapituluan. Beste bitan egin du pertsonaia bera, X2 eta X-Men: The Last Stand arrakastatsuetan. Ondoren, rol bera errepikatu zuen bere pertsonaiaren izena daraman filmean, X-Men Origins: Wolverine; zinema aretoetan estreinatu zen lehenengo asteburuan 85 milioi dolar biltzea lortu zuen sailaren prekuelan.
Aurreko udazkenean, Les Misérables lanaren egokitzapenean parte hartu zuen Jackmanek, Tom Hooperen zuzendaritzapean, Anne Hathaway eta Russell Crowe aktoreekin batera. Filma antzezlan ezagunean dago oinarrituta, eta hura, aldi berean, Victor Hugok idatziriko izen bereko eleberrian. Jean Valjean protagonistaren rolean egin zuen interpretazio bikainari esker komediako edo musikaleko aktore onenaren Urrezko Globoa irabazi zuen Jackmanek, eta Aktoreen Sindikatuko (SAG) bi saritarako izendatu zuten, aktore zerrenda onenarena eta protagonista onenarena. Les Misérables-en eginiko lanagatik, gainera, aktore onenaren Oscar sarirako izendatu zuten.
Jackmanen ibilbide profesionala Australian hasi zen, Paperback Hero eta Erskineville Kings film independenteetan. Azken horretan eginiko lanari esker Australiako Zinema Kritikarien Zirkuluko aktore onenaren saria irabazi zuen, eta Australiako Zinema Institutuaren aktore onenaren sarirako izendapena. 1999an Urteko Australiako Izar izendatu zuten Australian Movie Convention delakoan.