Musika

Huntzak El Diluvi taldearen 'I tu, sols tu' kantaren euskarazko bertsioa egin du

Emakumeek historian izan duten eragina nabarmentzeko kanpaina batean parte hartu du Huntzak, eta BERRIAk aurkeztu du bideoklipa: 'Ta zu, soilik zu'. Borroka feministarekin lotutako uneak biltzen ditu, tartean, Euskal Herrian egindako hainbat mobilizazio.

2018ko urriaren 31
15:11
Entzun

Sufragistak eta emakumezko milizianoak, Angela Davis eta Kobaneko emakume borrokalari kurduak, Rosa Parks eta Rigoberta Menchu... Feminismoaren eta internazionalismoaren borrokarekin lotutako hainbat ikurren irudiak biltzen ditu El Diluvi folk taldearen I tu, sols tu kantaren bideoklipak. Hitzek feminismoaren borroka goratzen dute. Talde valentziarraren abesti ezagunak euskarazko bertsioa du orain; Huntza taldeak grabatu du, El Diluvirekin elkarlanean. BERRIAk aurkeztu ditu, gaur, kanta eta bideoklipa. Euskarazko kantaren bideoan, Iruñeko, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako hainbat mobilizazio feministaren irudiak ere bildu dituzte.

Kantaren euskarazko bertsioa Julen Alonsoren estudioan grabatu zuten, uztailean. Uxue Amonarriz taldeko pandero jotzaile eta abeslariak BERRIAri azaldu dionez, Huntzakoek ahotsak, trikitia eta panderoa grabatu dituzte abestiaren oinarriaren gainean, eta El Diluvikoak arduratu dira masterizazioaz eta bideokliparen edizioaz.

"Oso polita izan da. Ilusioa egin digu horrelako proposamen bat jasotzeak. El Diluvi talde handia baita, agian Euskal Herrian horren ezaguna ez den arren". Huntzaren eta El Diluviren artean harremana sortzeko ere balio izan du elkarlanak, Amonarrizek nabarmendu duenez. "Oso gustura gaude lortutako emaitzarekin", adierazi du.

Huntzaren euskarazko bertsioaz gain, El Diluvik beste sei hizkuntzatan ere grabatu du abestia, beste musikari batzuekin elkarlanean. Oraingoz, lau hizkuntzatan aurkeztu dute kanta: gazteleraz, Claudia Key Day Ferrandezekin; galizieraz, SESekin; ingelesez, Sey Sisters taldearekin, eta euskaraz, Huntzarekin.

Hitzak Josune Arakistain Huntzako abeslari eta trikitikaliaren eta Uxue Amonarrizen artean itzuli dituzte. Honela dio kantak:

Nahi zenuen hura izango zara,

hiru aldiz bihurriago.

Hegan doan ukabila,

ta soilik zuk kontinenteak astindu.

Edozein minetik burujabetua,

ausarten bizipozarekin atera zinen.

Nork daki geroaz,

nork daki geroa hobea izango da.

Aske sentitu edozein lekutan,

ez utzi inork zu gelditzen.

Eta izarra izango zara,

askatasunera miratzen duen izarra.

Apirileko ekaitz gogorra zara,

zure etsaientzako oasi garratza.

Apirileko ekaitz gogorra zara,

loreak irekitzen dituen eguzkia.

Zure etsaientzako oasi garratza,

gauez argitzen duena.

 

Hauek dira orain arte beste hizkuntzetan aurkeztu dituzten bertsioak.

Jatorrizko bertsioa, katalanaren aldaera valentziarrean:

[youtube]https://youtu.be/YDafHsyyTNk[/youtube]

Gazteleraz, Claudia Key Day Ferrandezekin:

[youtube]https://youtu.be/wAZpPA9SyOY[/youtube]

Galizieraz, SESekin:

[youtube]https://youtu.be/2QG95tmvatI[/youtube]

Eta ingelesez, Sey Sistersekin:

[youtube]https://youtu.be/SA4LnX_QXXE[/youtube]

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.