Ameli Harotzarene. Maddiren Trajeria'-ko protagonista

«Hutsetik hasi, eta dena ikasi dut»

'Maddiren trajeria' pastorala estreinatuko dute larunbatean Zugarramurdin. Harotzarenek ez du sekula kantatu jende aitzinean. Maddi «neska gazte eta errebeldearen» rol bikoitza antzeztuko du.

MENDI URRUZONO.
Ainize Madariaga
2022ko urriaren 13a
00:00
Entzun
«Ura isuririk sorginen bidean/ Dohaina bildu dut Bazko arratsean/ Gauaz Maddi nüzü, egunaz oreina/ Etxeko zakurrek xerkatzen nutena». Eskandinaviaraino ezaguna den kondaira zaharretik muntatu dute Maddiren trajeria pastorala Xareta eskualdean —Urdazubi eta Zugarramurdi (Nafarroa) eta Ainhoa eta Sara (Lapurdi) hartzen ditu—. Larunbatean eta igandean estreinatuko dute Zugarramurdiko leizeetan; heldu den aste hondarrean, berriz, Sarakoetan, urriaren 22an eta 23an. Sarrerak agortuak dira lehen bi emanaldietarako; Lapurdikoetarako, berriz, oraino baratzen dira.

Ameli Harotzarenek (Senpere, Lapurdi, 1997) antzeztuko du protagonistaren rola; biez bat, Maddi gauaz, oreina, berriz, egunez. Berritasun franko Harotzareneren bizian, ez baitzen egundaino kantuan aritua, eta are gutiago pastoral batean.

Nola dago Ameli?

Ongi: prest izan behar! Espero dut lan ederra izanen dela, eta guk eta jendeak gozatuko ditugula lau emanaldiak.

Nola dago Maddi?

Maddi hor ongi da, bizi, ikusiko bukaeran! Bera ere prest da, beste arizale guziak bezala.

Eta oreina nola dago? Lehentze da animalia batek protagonizatzen duela pastoral bat.

Bai. Bere familia eta hurbilekoen aholkuak ukatuz oreina bilakatuko da egunez, eta azkenean, bere familiagatik zenduko da. Hori da gure tragedia.

Ezagutzen zenuen Ura ixuririk sorginen bidean kondaira?

Egia erran, batere ez. Mitologia pixka bat bai ezagutzen dut, baina hau ez. Geroztik, [Benito] Lertxundiren, [Jean Mixel] Bedaxagarren eta Haizea taldearen bidez joan naiz deskubritzen.

Maddi oreina bilakatzearen ariketa nola bizi izan duzu?

Azkenean, Maddi neska gaztea, azkarra eta errebeldea da, nik hala ikusten dut. Ororen buru, nahi duen hori asumitzen du;ingurukoei nahiz munduari erakusten die emaztea dela, eta emazteek badutela haien lekua eta eskubidea nahi dutena egiteko. Ez zaio erran behar zer egin behar duen eta zer ez. Irakurriz eta irakurriz sartu naiz pertsonaian, eta azkenean ez da hain zaila izan; aski naturala izan zait, neska eta gaztea bainaiz eta emazte eskubideak aldarrikatzen baititut. Arituz sartu naiz pertsonaian.

Maddiren hautua izan dea tragediarena?

Ez zuen hil nahi, baina, aldi berean, Maddik berak hautatu du bere familia eta ingurukoen aholkuei muzin egitea: ur horretatik edatea eta bizimolde hori hautatzea asumitzen badu ere, gainera erori zaion patua pairatzea ez du hautatu; herioarena.

Dutxan kantatzeaz gain, bazenuena kantu esperientziarik?

Egia erran, ez! Lagunekin bestetan bai, baina bestela ez! Ez nuen nehoiz kantatu eta kantua landu. Hastapenean pastoralean sartu nintzen dantzatu nahi bainuen, ttipitik aritu izan bainaiz, baina utzia nuen, eta hor parada ederra nuen berriz lotzeko. Rolak banatzean jakin dut Maddi izanen nintzela eta ez nuela kasik dantzatuko, kantatuko baizik: hori zait lan zailena eta estresagarriena.

Ez bide da aski, nonbait, bozaren ukaitea. Etxalarrerat (Nafarroa) joan omen zara kantuaren lantzerat, Oskarbi taldekoekin ere.

Hastapenean, denak bezala hasten gara bertsoak botatzen, eta gero Marilis Dagerrerekin landu dugu. Laguntza anitz ukan dut, zinez. Pixkanaka-pixkanaka horretara ailegatu gara. Lehen urratsa da kantua zinez botatzea denen aitzinean. Hori da urrats handiena; berriz eta berriz egin, eta ondotik bai: prest nintzen teknika lantzeko. Pausoz pauso zehaztasunera zoaz, orokorretik zehaztasunera. Nik ez dut solfeoan batere ezagutzarik, musikariek notak egiten zituzten eta segitzen nituen, ateratzen zen bezala, instintiboki. Agian, hobe izanen zatekeen, baina ni ere halakoa naiz: bizian, eginez ikasten dut.

Bazenuen pastoraletara joateko usaiarik?

Ez! Banekien bazenik, landua nuen gaia euskal lizentziaturan, baina ez nuen sekula ikusia iaz arte; Abdelkader pastorala, lagun bat aritu zen bertan. Arrunt maitatu nuen. Hortik hiru hilabeteren buruan jakin nuen Xaretan izanen zela pastoral bat, eta aitzina! Xehetasun guziak ezagutu ditut parte hartuz. Bistan dena, Simone Veil pastorala ikustera ere joan naiz.

Zenbat berritasun epe laburrean, ez dea hala?

Bai, egia erran. Hutsetik hasi eta dena ikasi dut, eta bada oraindik anitz egitekoa!

Barnetik bizi izanak aldatu dizu pastoralaz zenuen irudia?

Iruditzen zait zerbait biziki aberatsa dela, bada kantua, dantza, antzerkia, antolaketa biziki zehatza... ene ustez, jende askok maita lezake.

Zer ekarri dizu pertsonalki pastoralak?

Gauza anitz! Lotura berriak jendearekin, talde lan potolo hori gabe ezinezkoa baita pastoral bat. Pertsonalki, lehen aldikoz kantatzea ekarri dit; desafio pertsonal bat da arizale bakoitzarentzat ausartzea jendearen aitzinean aritzea.

Eta zer ilki?

Denbora librea eta besta! [kur-kur-kur]. Kendu dit lotsa ere: batzuetan ez zara ausartzen ez bada bikaina, bertzeen begirada eta jujamenduen beldur baitzara. Ordea, azkenean lehentasuna da plazera hartzea eta lan ederra proposatzea, baina horrek ez du erran nahi milimetro guziek zehatzak izan behar dutenik... Finean, desdramatizatzen lagundu dit.

Kantatzea kirola balitz, zeure burua prest sentituko zenukeen Olinpiar jokoetan aritzeko?

Ez dut uste, hutsetik abiatu bainaiz eta anitz baitut ikasteko. Oraino badakit badela lana, eta estresagarria da jende aitzinean kantu batzuen botatzea, jakinez badirela kantari zinez onak parean. Baina ene buruari diot entseatzen garela lan ederra egitea, eta ez dela ezer sekula bikaina izaten ahal. Izanen da den bezalakoa eta espero dut jendeak gozatuko duela.

Pastoralak ekarri dizua proiektu berrietan aritzeko gogorik?

Bai eta ez. Ez baitut deus finkaturik. Baina, aldi berean, ari ginen pentsatzen zer eginen dugun hau bukatzean... Segur naiz faltan izanen dugula! Ematen du beraz gogoa bertze proiektu batean sartzeko, dantzan edo nonbaiten entseatzen ausartzeko. Hala egin ezean ez genukeen gauza handirik eginen. Ikusiko zer emanen didan bizitzak.

Bertzerik?

Azpimarratu nahi dut talde lana dela. Denok badugu rol garrantzitsua, hor da Maddi, baina bertze guzien artean. Simone Veil pastoralean, adibidez, bazen protagonista eta gero bertzeak. Gure kasuan, garrantzitsuak dira pertsonaia guziak eta horrek du egiten pastoral honen arima!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.