Ez da ahitzen argia, ez da ahitzen denbora, ez da ahitzen artistaren ardura etiko eta estetikoa, une oro berritzen du munduarekiko konpromisoa, berea eta soilik berea den modu batez oratu nahi dio inguratzen duen errealitateari, soberan daukan oro kendu nahi dio, biluzi, hustu, erdoka kendu, distira ere bai, munduaren multiplo komun txikiena bilatu, egiturarik oinarrizkoenak ekarri argitara, aukera eman hutsuneari, denbora eman pentsamenduari. Denbora eman pentsamenduari, artearen munduak beste interes batzuk dituela jakin arren.
Sekula ez dio utzi bere lanak erakusteari, eta bakarkako erakusketa ugari egina da aurretik ere Elena Asins, Madrilen 1940an jaio eta egun Azpirotzen (Nafarroa) bizi den artista. Baina oraingo honetan Madrilgo Reina Sofia museoak eskaini diona zorrak kitatzera dator, neurri batean.
2008tik, zuzendari kargua hartu zuenetik, Manuel Borja-Villelek bere izaera ezarri dio hogei urteko ibilbidean orekarik aurkitzen ez zuen museoari, eta Picassoren Gernika ezaguna gordetzeaz eta erakusteaz gain, urte hauetako jardunak garbi erakusten du museoak baduela besterik munduari eskaintzeko. Urte gutxian, asko irabazi du prestigioan. Erreferentzia bilakatu da, batez ere museoa artea erakusteko toki bat baino gehiago mundua pentsatzeko leku bat dela aldarrikatu duelako. Modernitatearen beste interpretazio bat antolatzen saiatu da, bere bildumatik bertatik hasita, orain arteko modu kronologikoa bazter utzi eta gaikako irakurketak proposatuz, esate baterako, edo diziplinak nahastuz, lanak harremanetan sartuz eta interpretazioak aberastuz. Bildumaren interpretazio aberatsagoa sortu nahi izateak eskatzen zuen, besteak beste, aldi baterako erakusketetan garrantzi handiagoa ematea orain arte aparte bezala lagatako artistei. Eta horretan ari dira orain. Ez alferrik, Manuel Borja-Villel bera izan da komisarioa Fragmentos de la memoria erakusketan. Badaki ondo merezita zeukana Asinsek oraingo erakusketa, eta, batez ere, museoak ezin zuela berriro ere bazter utzi hain artista berezia.
Oihana Garro Larrañagak BERRIAn idatzitako kritikan zioen bezala, 60ko hamarkadaz geroztik egindako ibilbide luzea biltzen den arren, ez da atzera begirako bat, ez da antologia bat; ohiko kalifikazioak ekidin, iraganaren gorazarrea baztertu eta erakusketa gaur egunean ulertu behar da. Artistak ez dio pentsatzeari utziko Reina Sofia museoak orain arte bere lanari eskaini zaion erakusketarik osatuena jarri duelako. Eta ikusleak ez du berehala ahaztuko emakume honen lana, 60ko hamarkadan lanean hasi zenetik gaur arte asmo etiko eta estetiko sakon bati eutsi baitio sasoian sasoiko modei batere kasurik egin gabe. «Arteak, edo transzendentziara egiten du, edo ez da artea. Nire lanak horregatik ez du batere zerikusirik modekin, eta horregatik bizi naiz hemen, Azpirotzen, beste alderdi hori ez dudalako maite». Beste alderdi hori: eguneroko zurrunbiloa, munduaren zarata, etengabeko hitz-jarioa. Artistak uztailean Diario de Noticias de Navarra-ri emandako elkarrizketa batean esandakoa da. Haren lanak mistizismorako bidea erakusten du, baina ikerketa estetiko zorrotz eta zehatz baten emaitza plastikoa da bisitariak begien aurrean ikusten duena. Ez da laua, ez da ahitzen; milaka aldaera ditu, milaka aukera zabaltzen zaizkio buruan. Eman behar kaleidoskopio bat eman zaigula artistari begiratzeko, haren alderdi bakoitzaren xehetasun eta ñabardura ugariak ikusiz buruari lan egin dezan uzteko. Arestian aipatutako elkarrizketan bazen beste esaldi bat, artistaren erretratua egiteko egokia: «Garrantzitsuena pentsatzea da». Gauza bera pentsatzea ez da pentsatzea, ordea, eta ikastea pentsatzen ikastea da.
Hizkuntza propioaren bila
Erakusketak arreta berezia jartzen du hasierako urteetako lanetan. Ordurako hasia zen bere asmo estetikoa finkatzen. Madrilgo Konplutentsean ikasi zuen, eta hango Kalkulu Zentroan hasi zen, aitzindaria izango zela pentsatzen jarri gabe, ordenagailu bidezko sorkuntza plastikoan bidea egiten. «1967an oso gauza interesgarria egin zen: Konplutentseko Kalkulu Zentroa. Ikerketa zientifikorako balio ez zien ordenagailu zahar bat oparitu zioten amerikarrek Espainiari, eta artistok erabili genuen. Garai hartan, gela beteko makina erraldoi bat zen ordenagailua, eta ia ezinezkoa zen programatzen jakin gabe hurbiltzea. Ikasi egin nuen, eta esperimentatzen hasi nintzen».
Ezin esan daiteke, ordea, nora ezean zebilenik. 1969an Kalkulu Zentroan egin zen erakusketarako testu bat idatzi zuen, Mondrianen lana modu arrazionalago batean aztertu behar zela aldarrikatzeko. Desnaturalizatzea abstraktu bihurtzea dela dio, eta desnaturalizatzea sakontzea dela. Ez da inondik ere deshumanizazio baten aldekoa, ordea; guztiz kontrara, giza espirituaren balioa nabarmentzen du. Eta ez testu horretan bakarrik, baita gerora emandako elkarrizketetan ere; El País egunkariak 1978an egindakoan, esate baterako: «Gizakiak, bere espiritua azaldu ezean, ez du ezertarako balio, horixe baita haren benetako balioa». Lanaren oinarrian asmo estetiko bat dago hasiera-hasieratik; ideia bat, nahiago bada. Eta ideia hori da lanaren motorra. Gero etorriko da forma ematea, eta hartuko du forma bat, edo bestea. Eta jarraituko du ikertzen. Baina, erakusketan ondo nabarmentzen den bezala, hasierako urte haietan bere bidearen bila dabil, hizkuntza propioaren bila, eta ordenagailu bidezko sorkuntzaz gain, bestelako lanak ere egiten ditu: poesia konkretuarekin egiten du jolas, letrismoarekin; suprematismoari egiten dio keinu lan batzuetan, bilbe-paperak gainjarriz osatutako konposizioetan; eta haren margolanek egitura optikoak erakusten dituzte, pertzepzioaren egiturak, begiak epelduta so egin beharrekoak. Edozerk balio dio bere asmoari forma ematen joateko, baina betiere abstrakzioren eremuan, matematika eta poesia gurutzatzen diren lekuan. Bidea finkatuta dago jada. Orain, hizkuntza sendotu eta hizkera fintzea falta da.
70eko hamarkadan denbora sartzen du bere lanetan, eta hor dator seguru asko haren ondorengo lanetan konstantea izan dena, eta haren lanaren ezaugarri behinena bihurtu dena. Ordenagailuko paper tolestu luzeetan hasiko da bere lanak inprimatzen, esate baterako, eta ikusten denak sekuentzia bat ematen du, aldaerak ikusten dira, permutazioak. Besteren artean, hor dago Zarautzen itsasoaren ondoan dagoen Canons 22 lanaren aldaera bat, paperean, garbi eta luze; denbora gordetzen du bere baitan, zeinuen hurrenkera logikoa da, eta partitura baten antza hartzen du. Musika da. Lan askoren izenburuan musikako nomenklatura agertzen da; Strukturen sailean, esaterako. Baina haren lana musika bada, ez da musika idazteko erabiltzen diren egituren antza duelako edo nomenklaturagatik bakarrik, baizik eta, musika bera bezalaxe, haren lana ere prozesu mentala delako, beste ezeren aurretik. Lan batzuk paperean jarriko ditu, margotu egingo ditu mimo handiz paper gainean, eta ikusleak erraz imajinatzen du artista bere estudioan, bere baitara bildua eta bere baitara isuria, algoritmoari jarraiki marrak egiten, baina paperean ez jarrita ere, buruan ibiltze hutsarekin artistak gozatu egingo duela iruditzen zaio. Ludwig Wittgensteinek esandakoa datorkio gogora: «Nire lanak bi zati ditu: hemen jarritakoa eta idatzi ez dudan guztia. Eta idatzi ez dudana da, hain zuzen ere, inportantea». Erakusketarako beren-beregi egindako bideoetan, Ludwig Wittgensteinek Paul Engelmann adiskideari idatzitako gutunak agertzen dira. Eta Elena Asinsen lanak mugimenduan, Gorka Aldak konposatutako musikak lagunduta.
1980an New Yorkera joan zenean, Noam Chomsky ezagutu zuen, eta bere lana erakutsi zionean, hauexek izan omen ziren haren hitzak: «Hau hizkuntza bat da!»
Errealitatearen egitura
Musikarenak, hizkuntzarenak, errealitatearenak. Elena Asinsek egiturak jarri nahi ditu agerian. Errealitatetik jasotzen duguna egitura da… errealaren egitura hori plastikoki ematen saiatzen naiz ni. Soberan daukan oro kenduta, egitura ikustea nahi du artistak: begiak ixtea da ikustea. Egitura bakoitzak bere erritmoa du, isiltasunak musikari ematen diona bezalakoa. Ez baitago hutsunerik gabeko egiturarik. Zubiari begiek nola, halaxe eusten diote egiturari hutsuneek. Egituraren artikulazioa hutsuneak dira. Hutsuneak dira egituraren junturak. Eta hutsune horrexen bilaketa da artistaren lanik behinena, Oihana Garro Larrañagak gogoratzen zigun bezala: «Hutsunearen ideia, zerbait berria sortzeko aukera lez kontsideratua, artistarentzat inspirazio iturri garrantzitsua da. Hutsunea sortzea artearen eginkizun garrantzitsuenetariko bat izan beharko lukeela dio Asinsek».
Egituran dago, akaso, egia. Besterik ez du bilatu Elena Asinsek ia mende erdiko ibilbide dotorean. «Modu tradizionalean ulertutako artea bainoago, egia bezain gauza abstraktua interesatzen zait niri». Gizakiaren egia, izatearen egia. Errealaren muineraino iritsi nahi du artistak, eta oso tresna oinarrizkoak ditu horretarako: burua, arkatzak, kaierak, matematika, ordenagailua, liburuak. Ez du gehiago behar, ordea, artearen bitartez bere izatea beteta ikusteko, eta horretan ari da, horretan jarraitzen du. Denbora eman behar zaio pentsamenduari. Denbora eman behar zaio hutsuneari.
Hutsunearen denbora
Elena Asins artistaren lanak Madrilgo Reina Sofia museoan egongo dira bihar zortzi arte, eta ikusteko aukera bakanetako bat daBizitza osoko asmoak eta aldaerak jaso ditu 'Fragmentos de la memoria' erakusketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu