Huxleyk medikuntza ikasi zuen, baina mediku lan egiteari uko egin zion, eta Literatura Ingelesean eta Filologian lizentziatu zen Oxforden. 27 urterekin bere lehen eleberria kaleratu zuen: Crome Yellow (1921); I. Mundu Gerraren ondorengo balore krisia islatu zuen. Ondoren, Antic Hey (1923), Point Counter Point (1928) eta, azkenik, 1931n Italian idatzi zuen bere eleberririk famatuena argitaratu zen: Brave New World (1932).
Xabier Amurizak euskaratu, eta Bai mundu berria izenburuarekin argitaratu zuen Lur argitaletxeak, 1971n. Makinen eta teknologiaren menpe dagoen mundua deskribatzen du liburuan, eta gizatasunik eta esperantzarik gabea erakusten du gizakia. Nobela kritikoa, etorkizuneko mundu batean kokatua, mundua hartzen ari den norabideaz gogoetarako ematen duena.Gaur egun deskatalogatua dago nobela, eta Armiarma.com-ek digitalizatu eta internet bitartez eskaini du.
Gerora bere beste bi nobela kaleratu zituen: Eyeless in Gaza (1936) eta After Many a Summer Dies The Swan (1939). 1937. urtean AEBetan jarri zen bizitzen Huxley, eta orduz geroztik erabat aldatu zen haren ikuspegia, mistikara hurbilduz, besteak beste.
Nobelagilea kultur zaletasun handia zuen familia bateko hirugarren semea zen. Bere aita biologoa zen, bere aitona ere biologo famatua zen eta senide asko idazleak zituen.