Ia 40 film lehiatuko dira Lekeitioko jaialdian

Erredakzioa
Lekeitio
2010eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Euskara hutsez egiten den zinema eta bideo jaialdi bakarra da egun Lekeitiokoa (Bizkaia). Azaroaren 23tik 27ra bitartean egingo da aurtengoa, eta 39 filmek parte hartuko dute arlo profesionalean zein amateurrean eta hainbat kategoriatan.

Lekeitioko zinema eta bideo jaialdira aurkeztu diren lan gehienak Gipuzkoakoak dira, baina badago Bizkaikorik eta Nafarroakorik. Aurten 33. aldia beteko du jaialdiak. Duela hiru urtez geroztik Lekeitioko Udala arduratzen da antolaketaz, ordura arte zegoen antolakuntza taldea banandu ostean.

Bai profesionalen mailan, baita amateurren mailan ere Urrezko Antzara lortzeko lehian ariko dira parte-hartzaileak. Sari nagusi horrek ez du ordain ekonomikorik.

Kategoria bakoitzean hiru arlotako lanak sarituko dituzte, dokumentalen arloari dagozkienak, argumentuzko filmei dagozkienak eta sorkuntza lanei dagozkienak. Zilarrezko Antzara lortzen dutenek 1.600 euro jasoko dituzte sari modura, eta Brontzezko Antzara irabazten dutenek, 1.100 euro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.