Lan berria aurkeztu du Gatibu taldeak Durangoko Azokarako: Zuzenean bizitzeko gogoa (Baga Higa). Bertan, 2009an egindako biran zuzenean grabaturiko abestiak eta hiru kanta berri bildu dituzte, disko eta DVD batean banaturik. Talde bizkaitarraren azken urteotako ibilbide «arrakastatsua» ikusirik, zuzenekoa kaleratzeko beharra ikusi zuten. Gaur egun ere sasoi onean direla adierazi dute taldekideek, eta horren adierazle dira argitaratutako hiru abesti berriak.
Zuzenekoa iazko Gatiburen argazkia dela diote taldeko kideek. «Indartsu geunden, eta jendetza biltzea lortu genuen kontzertu guztietan». Urte horretan, taldearen hirugarren diskoa, Laino guztien gainetik eta sasi guztien azpitik, aurkezteko 50 emanaldi inguru eman zituzten. DVDa osatzeko, herri hauetan burutu zuten grabazioa: Donostian, Bilbon, Gernikan eta Durangon.
Haimar Arejita gitarristaren arabera, soinu kalitate handiko kontzertuak izan ziren, eta bideoen kalitatea ere oso ona da. «Publikoak eskertuko duelakoan gaude, mimo handiz landutako proiektua baita». Gainera, zuzeneko diskoko abestiek ez dute soinu aldaketarik jasan, «tranpa bako zuzenekoa da. Akatsak ere hor daude, eta horrek xarma puntu bat ematen dio».
Grabatutako hiru kanta berriak rock estilokoak dira. Arejitak azaldu duenez, hemendik aurrera aurreikusia dituzten zuzeneko emanaldietarako zer edo zer berria egiteko beharrizana zuten. «Hiru abestiok freskotasuna emango diote taldeari». Jendeak zerbait berria entzutea eskertuko duela uste dute.
DVDan, zuzeneko kontzertuez gain, elkarrizketak eta bideoklipak argitaratu dituzte. «Oso pozik gaude egindako lanarekin». Arejitaren arabera, 2008an atera zuten hirugarren diskoaren ondorengo arrakastak bide eman die lan berri hau kaleratzea.
Erronka berri bat du orain taldeak: zuzeneko kontzertuetako formatua hobetzea. Horretarako, bi kide berri dituztela azaldu du Gaizka Salazar bateria jotzaileak:«Sei taldekide izango gara, irudi berria, soinu berria sortu nahi dugu: aldatu eta hobetu».
Sortutako abesti berriak ere bide horretan lan egiteko prestatu dituzte. Taldekide berrietako batek jada parte hartu du hiru kanten grabaketan, perkusioa joz. «Salto kualitatiboa eman nahi dugu, soinu klasikoagoa sortuz, baina, aldi berean, aberatsagoa».
Hemendik aurrerako zuzenekoak ere guztiz ezberdinak izango direla aurreratu dute: «Taldekide berriez gain, sorpresa bat edo beste dugu prest jendearentzat».
Iazko biraren zuzenekoa argitaratu, eta formatu aldaketa iragarri du Gatibuk
Gernikako taldeak hiru kanta berri jaso ditu 'Zuzenean bizitzeko gogoa' disko eta DVDan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu