Komunikabideak

Ibaizabal telebista abian da, Bilboko euskara hutsezko Interneteko telebista

Parte-hartzea sustatuko du herri telebistak, eta datorren ikasturterako finkatu nahi dute programazioa. Telebista =lwww.ibaizabaltb.com==http://www.ibaizabaltb.com=l helbidean ikus daiteke.

2008ko apirilaren 11
16:44
Entzun
Internet bidezko Ibaizabal telebista, euskara hutsezko telebista, abian da Bilbon. Ibaizabal-Mendebalde Kultur Elkarteak sortu duen egitasmoak hiriko informazioa eta aisialdia euskaraz jasotzeko helburua du. «Telebistan, euskara arloan, hutsunea zegoen Bilbon, eta egitasmoak euskaldunok elkarren artean ezagutu eta trinkotzeko balio izatea nahi dugu», jakinarazi du Hibai Castro Ibaizabal-Mendebaldeko kideak.

Telebista berria aurkezteko jaialdia antolatu zuten asteazken iluntzean, Bilboko Kafe Antzokian. Ekitaldiaren ondoren lunch-a egin zuten, eta Anje Duhaldek abestu zuen. Elkartekoak «oso pozik» daude festarekin. «Jende asko bertaratu eta gustura geratu zen», esan du Castrok. «Erronka handia da, eta lan handia egin beharko dugu baina, jendea ilusioz beteta eta gogotsu dabil; audientzia potentzial handia dago». Telebista www.ibaizabaltb.com gunean ikus daiteke.

Parte-hartzea garrantzitsua da, gainera. Izan ere, herri egitasmoa izatea du helburu elkarteak. «Behetik gorako lana egin nahi dugu, parte hartzeko bideak bultzatuko ditugu, eta jendearengandik hurbil egotea nahi dugu», zehaztu du Castrok. Lanean dabilen lan taldea pixkanaka zabaltzea nahi dute, bilbotarrak inplikatuz. «Jaialdiarekin eta emankizuna abiatzearekin horrelako ekimen bat aurrera ateratzea posible dela frogatu dugu». Hurrego urratsa, beraz, programazioa betetzen joatea izango da, «saio gehiago prestatu eta emisio gehiago egitea lortu». Datorren ikasturterako finkatu nahi dituzte emankizunok.

Erreportajeak, musika eta haurrak

Hamaika Telebista egitasmoarekin lankidetzan, Bilbo alderako euskarazko telebista sustatzeko xedearekin jaio zen Ibaizabal-Mendebalde. «Egitura hori martxan jarri genuen, baina aukera teknologiko berriak zeudela ohartuta, Internetek eskaintzen duen azpiegitura baliatzea erabaki genuen herri telebista egiteko», azaldu du Castrok. Horrenbestez, egitasmo biak darabiltza eskuartean elkarteak.

Kultura munduko hainbat arlotako adituak bildu ziren, komunikazioa zein literatura arlokoak besteak beste, eta bakoitzak bere denbora librea baliatzen du ekimena garatzeko. Baliabide ekonomikoak lortzeko harpidetza kanpaina abiatu dute, «norbanakoek laguntzeko aukera izan dezaten».

Oraingoz, programazioa murritza da, baina jadanik hasi dira Bilboko gaurkotasunari lotutako erreportajeak ematen. Hilean behin berritu nahi dituzte. Musikari ere egingo diote tartea hasieratik. Grabatutako kontzertuak eskaini eta talde horiei buruzko informazioa emango dute. Haurrentzako emankizunak ere abiatu dituzte. Ibai eta Zabal txotxongiloen laguntzaz ----telebistako maskotak----, esketxak prestatuko dituzte.

Aurrerago helduko dira gazteek ekoitzitako emanaldiak, luze gabe. Horiekin batera «agenda zabal» bati lekua egingo diote, eta, gainera, «salaketa eta aldarrikapenerako tarte bat gordeko» dutela jakinarazi du Castrok. Luzera begira ere pentsatzen hasi dira, eta, irratia.com egitasmoarekin batera, saio bat egiteko asmoa dute. Urratsez urrats, hiriko «fenomeno sozial eta kulturalen berri» emateko gogo biziz daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.