Literatura

Iban Illarramendik eta Eider Perezek irabazi dute Etxepare saria

'Kiratsa' album ilustratuarekin eskuratu dute saria. Arkakuso baten abenturak ditu kontagai, eta Pamielak argitaratuko du, udazkenean.

Iban Illarramendi eta Eider Perez sarituak, gaur goizean, Iruñean. ETXEPARE
Berria
2022ko ekainaren 27a
17:06
Entzun

Zer den usain, zer lurrin, zer kirats... Arkakuso bat Pantxi txakur dotorearengana iritsi da, eta biak, triska, zapart eta jauzi, usain bila abiatuko dira. Usain on eta usain txarrei buruzko kontakizuna ondu dute Iban Illarramendi ilustratzaileak eta Eider Perez idazleak, eta harekin irabazi aurtengo Etxepare saria: Kirats izeneko album ilustratuarekin. 5.000 euroko saria eskuratu dute, eta baita lanaren argitaratzeko bidea ere, Pamiela argitaletxearen eskutik, udazkenean. Gaur goizean egin dute saria banatzeko ekitaldia, Iruñeko Chundarata liburu dendan.

Denera, 35 lan aurkeztu dira aurten haurrentzako album ilustratuen Etxepare sarira, eta Miren Asiain ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak osatutako epaimahaiak hartu du Kiratsa-ren aldeko erabakia. Testuaren eta ilustrazioaren arteko «goi mailako» uztarketa goratu dute. «Testua ezin egokiagoa da album baterako: laburra, errimaduna, aberatsa eta onomatopeietan oinarrituta. Ilustrazioak dotoreak dira, sofistikatuak —hainbat oihartzun eskaintzen dute, hala nola Renee Magritteren zeruenak— eta, batez ere, oso narratiboboak eta musikaltasunez beteak».

Nafarroako 22 toki entitatek antolatzen dute Etxepare sariketa, haien euskara zerbitzuen bidez, eta hamasei dira dagoeneko babestu dituzten album ilustratuak. Horrekin batera, Iruñeko Udalak ilustratzaile eta idazleen arteko BikoTeka topaketak antolatzen ditu, eta azken edizioan hartu dute parte, hain justu, aurtengo saridunek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.