Haiek gutxiesten dituztenen aurka, “ipuin bildumak” defenditzen ditu Iban Zalduak, “batasun edo intentzio orokor bat” ez duten narrazioz osatutako liburuak. Gaur Donostian aurkeztu duen liburua ez da, ordea, bereizketa horren arabera, “ipuin bilduma”, “ipuin liburua” baizik, Idazten ari dela idazten duen idazlea osatzen duten ipuin guztiek baitute “batasun edo intentzio orokor bat”: literatura dute denek, aldez edo moldez, gai nagusi eta ardatz; izenburuaren ondoan, azpi-izenburua ere irakur daiteke liburuaren azalean: Edo literatura gaixotasun gisa.
“Ni beti izan naiz ipuin bildumen zalea, baina azken bi liburuak ipuin liburu atera zaizkit”, laburbildu du paradoxa Zalduak: “Biodiskografiak, pop musikaren inguruan antolatutakoa; eta hau, ardatz gisa literaturari buruzko hausnarketa bat duena, fikizio moduan emana baina hausnarketa azken finean”.
Etorkizuna (Alberdania, 2005) ipuin bildumaren ondorengoa izango den ipuin bilduma atontzen ari da Zaldua, eta hasieran bilduma horretarako zeuzkan gordeak Idazten ari dela idazten duen idazlea osatzen duten ipuinak. Baina bildumarako lanean ari zela, jabetu zen ipuin asko zirela literaturaren ingurukoak eta haiek –txarrak iruditzen ez zitzaizkion arren–, “traba” egingo zutela bilduman. Horregatik egokiago iritzi dio haiek aparte argitaratzea, ipuin liburu bat osatuz.
Gai nagusia literatura bada ere, literatura alderdi askotatik begiratuta jorratzen da Zalduaren liburu berriko ipuinetan. Idazlearen lana eta ikuspegia ez ezik, itzultzailearena, kritikariarena eta editorearena ere ageri dira, eta sariketek, liburu dendek eta irakurketa tailerrek ere badute presentziarik. Funtsean, irakurle gisa dituen obsesioak –edo, bere hitzetan esanda, “maniak”– jorratu ditu egileak. Zalduaren lanetan ohikoa denez, ikuspegi ironikoa da nagusi, eta ezustekoak ugariak, ipuinen amaieretan batez ere.
Elkar argitaletxeak eman du argitara Zalduaren liburu berria. Ez du uste egileak bere liburua komertziala denik, eta horretaz jabetuta zegoen liburua editoreari aurkeztean. Baina editoreak, Xabier Mendiguren Elizegik, ez zion inolako eragozpenik jarri. Orain, liburua kalean delarik, euskal literaturako “argitaletxerik komertzialenean” komertziala ez den liburu bat argitaratu izanak “plazer errudun” bat sentiarazten diola adierazi du Zalduak, irribarre bihurriz, gaurko aurkezpenean.