Ibrahim Gokçek abeslari turkiarra errepresioaren aurkako 323 eguneko gose greba baten ostean hil da. Grup Yorum folk musika taldeko kidea zen. Talde horretako hiru kide hil dira gose greban azken hilabetean: apiril hasieran, Helin Bolek hil zen, eta, duela bi aste, Mustafa Koçak. Gobernuak taldeko zazpi kideri egozten die lotura izatea «erakunde terroristatzat» daukan DHKP-C Herria Askatzeko Alderdi-Fronte Iraultzailearekin.
Gokçekek joan den asteartean erabaki zuen protesta bertan behera uztea, haren osasunak okerrera egin zuelako, ia urtebeteko baraualdiaren ostean. Taldearen ustez, protestak euren egoera erakusteko balio izan du. «Gure erresistentziak garaipen politikoa ekarri du. Mundu guztiak izan du gure erresistentziaren berri», adierazi zuen taldeak ohar bidez.
Etenik gabeko jazarpena
Grup Yorum taldea 1985ean sortu zuten, Istanbulen, eta ordutik taldeko kideak aldatuz joan dira etengabe: dozenaka lagunek osatu dute. Euren hitzen mezu sozialista eta antiinperialistengatik nabarmendu dira, bai eta folklore kurdua eta turkiarra konbinatzeagatik ere. 1990eko hamarkadan egin ziren bereziki ezagun.
Hasieratik, jazarpen politikoa pairatu dute. 2016tik, 30 bat kide atxilotu dituzte, eta Poliziak hamar aldiz esku hartu du entseatzen duten kulturgunean.
Hori dela eta, Bolekek, Koçakek eta Gokçekek eskatzen zuten taldeko zazpi kideren aurkako atxilotze aginduak deuseztatzeko eta amaitzeko taldearen kontzertuen debekua eta haien entseatzeko tokiaren –Idil kulturgunearen– aurkako sarekadak.