Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek 'Miñan' aurkeztu dute

Balderen istorioa kontatzen du liburuak: anaia txikiaren bila Afrikatik Europaraino egiten duen ibilbidea. Duela urtebete iritsi zen Balde Euskal Herrira, eta iritsi zeneko urteurrenean aurkeztu dute eleberria. Baldek ahoz idatzitakoa eskuz jaso du bertsolariak.

Ibrahima Balde eta Amets Arzallus, liburuaren aurkezpenean. ANDONI CANELLADA, FOKU
Nagore Arin.
2019ko urriaren 31
14:46
Entzun

Miñan. Horrela du izena Ibrahima Balderen (Konakry, Ginea, 1983) eta Amets Arzallusen (Hendaia, Lapurdi, 1983) liburuak. Balderen bizipena du oinarri: 13 urte zituela aita galdu, lan bila hasi, eta haren anaia gazteena desagertu zeneko aldia kontatzen du. Gineako hiriburutik Nzerekore hirira joan zen lan bila: amari, bi ahizpei eta anaia gazteenari laguntzeko asmotan. Lanean ari zela, amaren deia jaso zuen: anaia txikia falta zen etxean. Hala, Konakryra itzuli eta haren bila hasi zen, anaia bizirik aurkitzeko esperoan.

Gaur egin dute liburuaren aurkezpena, Donostian. Bertan izan dira Ibrahima Balde eta Amets Arzallus liburuaren egileak eta Leire Lopez Susa argitaletxeko editorea. Azken horren esanetan, "Miñan ez da Europara etorri nahi duen pertsona baten kontakizuna, anaia txikiaren bila joan zen pertsona baten kontakizuna baizik". Lehen pertsonan idatzirik dago liburua, eta Balde bera da pertsonaiari ahotsa jartzen diona.

2018. urtean topatu ziren Balde eta Arzallus, urriaren amaieran, Irunen (Gipuzkoa). Euskal Herrira iritsi berria zen Balde, eta Arzallus boluntario lanetan zebilen Irungo Harrera Sarean. Hor egin zuten lehen hartu-emana, eta, gerora, harreman hori sendotuz joan da. "Asiloa eskatzen zutenei elkarrizketa bat egiten nien; eskaera hori egiteko jakin beharrekoak-eta azaltzen nizkien". Horrela, elkarrizketaz elkarrizketa, "mugimendu bat" sortu zen bien artean, hasieran, Balderen istorioaren inguruan idazteko inongo burutaziorik gabe.

Bien arteko lotura estutuz joan ahala, ordea, hitz egindakoak liburu batean jasotzeko ideia sortu zitzaien; horregatik, Arzallusen esanetan, "harreman bati buruzko liburua da". Azaldu duenez, ez da erraza izan bien arteko "desoreka" horretatik abiatuta lan egitea, eta ikasketa prozesu zein gogoeta etengabe batean murgildurik egin du idazte prozesua. "Balderen bizipenak jasotzen ditu liburuak, eta haren liburua da", adierazi du. Nabarmendu duenez, hark erakutsi dio nola kontatu, "hark eman du kontakizuna literaturara emateko urratsa".

Ibrahima Balderen istorioa da Miñan, baina, liburuan azpimarratzen den bezala, Ibrahima asko daude: Fatimaturen, Fatumataren, Rouguiatouren edo Alhassanen istorioa izan zitekeen —Balderen etxekoen izenak dira—. Egungo informazio gaindosiari egin dio erreferentzia idazleak, eta "fast food" kontzeptua erabili du hori azaltzeko: migratzaileei buruzko datuak iritsi eta iritsi egiten dira, baina, Arzallusen aburuz, ez da datu horien gaineko gogoetarik egiten; azkartasun horrek irensten ditu. Horregatik, ezinbestekotzat jo du "pausatu, begiratu eta pentsatzea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.