Chuck Palahniuk. Idazlea

«Idaztea mundua ikertu eta jendearekin egoteko aitzakia da»

Bilboko Gutun Zuria letren jaialdian parte hartu duten idazleetako bat da Chuck Palahniuk (Pasco, Washington, 1962). 'Fight Club' nobela du lanik ezagunena; ez, ordea, maiteena.

2012ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Gaur amaituko da Bilboko Gutun Zuria letren jaialdia. Aurtengo gonbidatu berezia AEBetako literatura izan da, eta, besteak beste, Chuck Palahniuk idazlea aritu da hizlari. Idazle gisa ezagun bada ere, nabari du entzule aparta dela. Galderak arretaz aditu, eta tarte isil bat hartzen du horietako bakoitza erantzun aurretik, patxadatsu eta mamitsu.

Tom Spenbauer zure irakasleak zera esan zuen behin: «Idazleak idazten du, ez dutelako festara gonbidatu». Zer sentitzen duzu orain, hau bezalako festa batera gonbidatzen zaituztenean?

Nolabait, hau ez da festa bat niretzat. Nire lana entzutean oinarritzen da, hitz egitean baino gehiago. Festetara joaten naizenean, jendeak istorio harrigarriak kontatzen dizkit. Jendeak badaki edozer gauza kontatzen ahal didala; ez naizela asaldatuko, eta ez ditudal epaituko. Hitz egin behar dudanean, ordea, nire lanaren parte da, baina ez da festa bat.

Beti behar al dugu eredu bat bizitzeko eta idazteko?

Baiezkoan nago. Gure jokaeraren eredu izango den norbait behar dugu, izateko modu bat irakatsiko diguna. Tomek esandako beste gauza bat etorri zait orain gogora. Lehen aldiz haren idazketa tailerrera joan nintzenean, zera esan zigun ikasleoi: «Hasieran maitatu egingo nauzue, baina noizbait hil beharko nauzue». Nik pentsatu nuen: «Nik ez zaitut inoiz hilko!». Baina horrelakoa da bizitza. Irakaslearengandik ikasi ondoren, hura hil beharra dago.

Fikzio idazlea zara egun; baina, neurri batean, kazetari ere bazara oraindik. Ikertzeko aitzakia al dira zuretzat nobelak?

Izugarri maite dut lanaren parte hori. Izan ere, arrazoi bat behar dut kanpora atera eta munduari buruz ikasteko. Helburu bat dudala sentitu behar dut. Ondoren, beharbada ikerketa hori nobela bihurtuko dut, baina helburua ez da emaitza, ez da produktua. Alde horretatik, bai, nobela aitzakia baino ez da.

Spenbauer jaunarengana itzuliz, berak irakatsi zizun literaturan minimalismoak duen garrantzia. «Gutxiagorekin gehiago egin», hori al da filosofia?

Bai. Oso erakargarria da niretzat denbora tarte laburrean, espazio mugatuan, jende kopuru txikiarekin zerbait harrigarria egiteko aukera. Ia ezerezetik den-dena sortzea, poesian bezala antzerkian; mirari moduko bat da. Uste dut, horrexegatik, irainduta sentitzen naizela liburu lodi bat hartu eta bertan ia emoziorik ez dagoela ikusten dudanean. Dena irakurtzeko esfortzua egin ondoren, konturatzen naizenean ez dagoela saririk.

Tell All liburua Hollywoodeko urrezko garaian kokatu duzu. Izen-abizen ugari agertzen dira, halako baliabide poetiko moduan. Azalduko al zenuke hori?

Idazten dudanean, gustuko dut erabiltzea hitz moduan funtzionatzen ez duten hitzak. Hitz hutsak baino gehiago, onomatopeiak dira niretzat, zer edo zer abstraktua. Pygmy nobelan onomatopeia mordoa erabili nuen, ekintza fisikoak adierazteko. Tell All honetan, berriz, animalien hotsak erabili ditut, baita pertsonen izen-abizenak ere. Garai batean ospetsuak ziren, eta gaur egun ia ahaztuta daude gehienak. Mezu bat gordetzen dute, baina ia ezinezkoa da haiek ulertzea. Onomatopeia modukoak dira, beraz: misterio kutsua duten mezuak.

Fight Clubnobelak egin zaitu ezagun. Hori al da jendeak gogoratzea nahiko zenukeen liburua?

Atzera begiratu eta Fight Club irakurtzen dudanean, konturatzen naiz ez dagoela oso ondo idatzia. David Fincherrek liburua baino film hobea egin zuelako gogoratzen du jendeak. Hain ona da Fincherren filma, ezen nire liburuaz lotsarazi egiten bainau. Espero dut, nire lanen artean, jendeak Fight Club baino liburu hobeak gogoratzea.

Horrez gain, zure Choke nobela ere zinemara moldatu dute. Egokitze egokiak izan al dira?

Nire ustez, film horiek nire liburuen antzekoak dira, baina soilik zatika. Izan ere, bi liburuotan badago umiliazio une funtsezko bana: gezurra esan duena gezurtitzat hartzen dute, eta umiliatzen. Une horiek ez dira azaltzen, ez film batean, ez bestean. Badirudi aktoreentzat gogorregia dela halakorik antzeztea, beti nahi dutelako jendearentzat begiko eta erakargarri izan. Uste dut bi filmetan zati horiek ezabatu izana ez dela kasualitatea.

Zenbaiten ustez, gauza ezberdinak dira idaztea eta bizitzea. Idaztean ezin dira bizi, eta alderantziz. Ados al zaude?

Ematen du idazten duenean jendearengandik aparte egon behar duela idazleak, eta bizitzen ari denean, jendearekin. Uste dut idazleak bilatu behar duela modu bat idazteko eta, aldi berean, jendearekin egoteko. Nire ustez, ahaztu egin behar dugu idazketa lan bakartia dela dioen ideia. Onartu behar dugu jendearekin gaudenean ere idazten ari garela.

Horrek idazketaren kalitatean eragiten du. Izan ere, bakarrik idazten duen jendeak bakarrik dauden pertsonaiei buruz idatzi ohi du. Idazleak jendearen konpainian idazten badu eta harreman horiek idazketan eragiten badute, hura aberastu egingo da. Izan ere, norbanakoa gaindituko du.

Etengabeko bildumagintzan ari da idazlea, etengabeko uztan. Hortaz, nolabait, ikertzeko idazten dut; baina, era berean, idazten dut, horrek ematen didalako jendearekin egoteko baimena, eta, tarteka, baita festetara joateko ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.