Literatura aurrerapena

Idazten ari dela idazten duen idazlea Literaturaren gaitza

Iban Zalduak 'Idazten ari dela idazten duen idazlea' (Elkar) ipuin liburua aurkeztuko du datorren astean. Bere alderdi sortzailea eta literaturazalea elkartu ditu egileak liburua osatzeko, ipuin guztiek baitute gaitzat literatura edo idazketa edo idazleak. Ipuin metaliterarioak direla esan liteke, hortaz, baina batez ere intelijentziaz eta ironiaz beteriko istorioak dira. Hona hemen liburuko ipuin bat: 'Literaturaren gaitza'.

2012ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Korukorentzat

Kafetegian ikusi bezain laster bera zela jakin nuen, oso aldatuta —izugarri aldatuta— zegoen arren: gutxienez hogei kilo gutxiago, gaizki moztutako bizarra, ilea zeharo urdindua. Ziurrenik zigarroa piztean egin zuen keinua izan zen: eskolak eman bitartean etenik gabe erretzen zuten irakasle horietakoa zen Joseba, eta keinu hori mila aldiz ikusi ahal izan genion. Bestela ere ezagutuko nuen, akaso, haren aurpegia denbora-tarte nahi- koan aztertzeko parada izanez gero, eta izango nukeen, haren pareko mahaian eseri nintzelako eta han gutxienez ordu erdi bat pasatzeko asmoa nuelako, liburu bat irakurtzen; kasualitateak zer diren: ondoko kafetegira joan izan banintz, ez zatekeen hemen kontatuko dudan ezer gertatuko.

Joseba ezagutu eta hurbiltzeko erabakia hartu arte minutu batzuk igaro ziren. Zerbait entzuna nuen haren gorabeherei buruz, nola utzi zuen ikastola, alkoholarekin —beste bertsio batzuen arabera, heroinarekin— izandako arazoak, are etxebako bezala bizi omen zela Bilbo aldean, aterpeetan eta antzekoetan ostatu hartuz, baina esamesa lausoak besterik ez ziren, aspaldiko ikaskideek ezusteko enkontruen hondarrean zeharka emandako informazio-tantak, burmuinaren hondoko txokoren batean biltegiratuta geratu ohi diren horietakoak: banan-banan azaleratzen joan zitzaizkidan aurrean neukan gizon hari begiratzen niola.

Azkenean nire kafeari bueltak emateari utzi eta haren mahaira hurbildu nintzen.

—Barkatu... Joseba zara, ezta? Ez dakit nitaz gogoratuko zaren...

—Jon: Jon Etxeberria Lopez, 3. E-koa, 1981. Tabernara sartu orduko konturatu nauk. Berdin-berdina hago —zu ez, pentsatu nuen, baina ez nion horrelakorik esan—. Utzi hobeto ikusten... Apustu egingo nikek bi seme-alaba dituala; hobeto esanda, bi alaba, txikiak oraindik; asmatu al dut? —baietz adierazi nion buruarekin; botereren bat ote zuen pentsatzera heldu nintzen istant batez, baina berehala erabaki nuen norbaitek kontatuko ziola—. Itxura ona daukak.

Egia aitortzeko, ez nekien nola jarraitu: sinetsita nengoen aurkezpenekin gehixeago luzatuko ginela.

—Zerbait gehiago hartu nahi al duzu? —galdetu nion bere edalontzi hutsa seinalatuz.

—Estimatuta zagok —eta zerbitzariari keinu bat egin zion ezkerreko eskuarekin; sol y sombra batekin agertuko zela pentsatu nuen, baina kafesne bat besterik ez zion ekarri. Nirea hasi gabe neukan oraindik.

Gertuagotik nabarmenagoak ziren denboraren eta bere bizimoduaren arrastoak: zimur sakonak kopetan, begien azpiko poltsa ilunak, gaizki sendatutako zauri baten arrastoa ezkerreko belarri hegalean, artilezko jertse saretua...

—Gogoan ditut oraindik zure literaturako eskolak. Denok ditugu gogoan; garai hartakoak juntatzen garenean beti hitz egiten dugu zure klaseez —gezurretan ari nintzaion, noski, baina ez zitzaidan iruzur handiegia iruditzen, ni eta gelako beste gutxi batzuk benetan markatu baikintuzten Josebaren eskolek—. Jarraitu al duzu...?

—Ez, ez, ez. Ez diat ezer gehiago idatzi, hori jakin nahi baduk. Literaturarekin bukatu nian. Aspaldi gainera. Literatura gaitz bat duk. Bizitza zer den ez daki- tenen izurria.

Hortik ez zegoen jarraitzerik, beraz: ezingo nion aipatu etxean neukala oraindik bere Zauriak poema-liburuaren ale bat, Pamielak argitaratutakoa. Arkatzez azpimarratuta.

—Badakizu nor bihurtu den idazle? Gure gelako...

—Bazekiat. Irakurri zioat zer edo zer —itxaroten geratu nintzen, ea zerbait gehitzen zuen, baina isilik jarraitu zuen, eta ez nintzen ausartu besterik galdetzera.

Hala ere, une horretantxe ulertu nuen enkontru horren zergatia, zer esan behar nion Josebari.

—Nik ere idazle bihurtu nahi nuen: orduak eta orduak ematen nituen idazten garai hartan: ipuinak, burutazioak, poemak. Zuk sartu zenigun batzuei idazle izateko gogoa —ez nion jaramonik egin bere bekainen altxatze ironikoari, eta aurrera jarraitu nuen—. Izan ere, zuk sartu zenigun, eta zuk zapuztu zenidan niri.

Ez zuen ezer esan, baina bere begietan segitzeko baimena eta are bulkada sumatu nituen.

—Gogoratzen al zara jartzen zenizkigun ariketez? Bakarrizketa bat entregatu behar genizun egun horretarako. Bi aste egon nintzen jo eta su borrokan testuarekin: hamaika zirriborro egin nituen, eta ez nintzen pozik geratzen batekin ere. Azkenean, bertsio perfektua lortu nuela uste nuen, justu-justu entregatu behar genuen datarako. Ba, egun hartan bertan Ibanek laguntza eskatu zidan, ez zuela idazlana egiteko astirik izan eta ni horretan ona nintzenez, ea ez zitzaidan inporta... Jolas-orduan idatzi nion ri-rau, hamar minututan; garbira pasatu besterik ez zuen egin. Ba al dakizu zer egin zenuen? Nire bakarrizketari sei ziztrin bat baino ez zenion ipini, eta Ibanena, ordea, guztioi erakutsi zenigun, testu biribila zela aldarrikatuz: ozen irakurrarazi eta guzti egin zenion. Testu biribila. Harrezkero ez nuen asmo literarioko lerro bat gehiago idatzi.

—Hirea zuan orduan... Susmoa izatera heldu ninduan...

—Nolatan! Bazenekien ez zela Ibanena...?

—Noski, jakingo ez nian ba: ezin zian harena izan. Zergatik uste duk jokatu nuela horrela, horren nabarmen? Benetako egilea topatzeko itxaropenaz. Baina hik ez huen tutik ere esan.

—Nola esango nuen ba?

—Horixe ba: literaturaren gaitzak harrapatuta ez hengoen seinale.

—Baina nik harrapatua izan nahi nuen.

—Ez nahikoa grinaz. Eta hi ikustea besterik ez zagok konturatzeko: hik badakik bizitza zer den, eta, ondorioz, ez duk literaturaren beharrik etengabeko bizitzaren fikzioak eraikitzeko.

Ez nion horri erantzun: ez dakit zer erantzun niezaiokeen ere.

—Edonola ere —jarraitu nuen segundo batzuetako isilunearen ostean—, hau ipuin baterako gai ona litzateke, ezta?

—Auskalo. Baina ziur nagok ez dugula ez hik ez nik idatziko. Idaztekotan, Ibanek idatziko dik. Eta irakurle guztiek berak asmatutakoa dela pentsatuko ditek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.