Arte eszenikoak

Identitatea izango du gai nagusi eta ardatz dFeriak

Donostiako antzerki eta dantza azokak 29 konpainiaren 33 emanaldi eskainiko ditu martxoaren 9tik 12ra arte.

"Gau arabiarra"-ren euskarazko estreinaldia martxoaren 7an eta 8an egingo dute. HIKA-KABIA
Juan Luis Zabala
2015eko otsailaren 6a
17:32
Entzun

 

Identitatea gai nagusi duela, 29 konpainiaren 33 emanaldi eskainiko ditu dFeria Donostiako antzerki eta dantza azokak aurten, martxoaren 9tik 12a bitarte, bere 21. ekitaldian. Emanaldien erdiak inguru estreinaldiak izango dira. Generoei dagokienez, emanaldien %50 antzerki lanak izango dira, %40 dantzakoak eta %10 diziplina anitzeko ikuskizunak. Hizkuntzari dagokionez, emanaldien %10 jarraitu ahal izango da euskaraz, zuzenean euskaraz emanak direlako batzuk, euskaraz azpititulatuta emango direlako besteak. Ohi bezala, publiko zabalarentzako emanaldiak zein profesionalentzakoak izango dira, eta antzerki eta dantza programatzaile ugari izango da profesionalei bideratutako emanaldietan.

Euskarazko emanaldien artean Hika konpainiaren Gau arabiarra-renak dira nabarmentzekoak, martxoaren 7an eta 8an izango baitu obra horrek euskarazko estrenaldia, Gazteszenan, dFeriaren programazioaren atariko gisa. Viktoria Eugenia antzokian emango diren lau emanaldi ere aurreratu dituzte antolatzaileek: Kulunka Teatroren Solitudes, Espainiako Zentro Dramatiko Nazionalaren eta Tannttaren La calma mágica, Carmelo Segura Companhiaren Walking City eta Theatre Mladinskoren Madarikatua aberriari traizio egiten diona!

Aurtengo berrikuntza nagusietako bat beste leiho edo plataforma baten sorrera da: Eszena T (Akitania-Euskadi), Akitaniako departamentuko Oara antzoki sarearekin elkarlanean sortua. Horrez gain, Iberoamerikako Leihoa eta dFeria Dantzan leihoei eutsiko die aurten ere dFeriak.

Bi jarduera paralelo ere izango dira aurtengo ekitaldian: Patxo Telleriak gidatutako dramaturgia ikastaroa —bihar hasiko dena— eta Matias Umpierrez artista eta eszena zuzendari argentinarraren Teatro Solo proiektuari lotutako aldiko ikusle bakarrarentzako performance-ak.

Azokaren iazko ekitaldiaren ondorengo sei hilabeteetan 288 funtzio saldu ziren, 2013an baino gehiago, eta horrek milioi bat euroko irabaziak sortu zituen, Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko Kultura zinegotziak zaldu duenez. “Aintzat harturik dFeriaren 2014ko ekitaldiko aurrekontua 210.000 eurokoa zela, esan daiteke azokak inbertitutako dirua halako bosteko irabaziak sortu zituela”.

Aurtengo ekitaldiaren afixa ere aurkeztu dute gaur, Antonio Ponti Ibars artista katalanak egina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.