Literatura

Igerabidek 'Noiz arte arrazoi' aforismo liburua plazaratu du

Askotariko gogoetak generoaren formara ekarri ditu idazleak, eta Koldobika Jauregik ilustrazioekin osatu ditu. Alberdaniak eman du argitalpena, eta asteazkenean erdi prezioan salduko dute formatu digitaleko bertsioa.

Juan Kruz Igerabide idazlea, lan berria eskutan duela, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
itziar ugarte irizar
2020ko maiatzaren 18a
12:50
Entzun

Izenburua bera ere izan daiteke aforismo bat: Noiz arte arrazoi. Aforismo bat, erakutsi bezainbat ezkutatzen duelako. Adam Zagajewski poeta irakurtzen ari zela heldu zen horra Juan Kruz Igerabide (Aduna, Gipuzkoa, 1956): "Zagajewskik esaten zuen aforismoak ondo daudela, baina noiz arte, noiz arte izan dezakegun arrazoia. Horrek bidea zabaldu zidan pentsatzeko aforismoaren egitekoetako bat arrazoiaren mugetan ibiltzea dela: ateratzen du hanka bat eta hor amaitzen da arrazoia; eta sartzen du paradoxara, baina hori ere bukatu egiten da, eta berriz sartzen du barrura...". Arrazoia baino gehiago, aforismoak konstatazioak direla dio egileak, eta haren mugetan idatzitako hamaika ale bildu ditu bilduma berrian. Zagajewskiri emandako erantzuna barne: "Noiz arte? Aforismoak idazten hasi aurretixe arte".

Modu birtualean aurkeztu dute liburua, gaur goizean. Alberdaniak argitaratu du lana, eta hango editore Jorge Gimenezek gogora ekarri du Igerabidek aurrez landu duen genero bat dela: Egia hezur (2004, Alberdania)eta Herrenaren arrastoan (1998, Alberdania) lanetan, besteak beste. Igerabidek barruan pentsalari bat eta pentsalariaren barruan idazle bat dituela aipatu du Gimenezek, eta, nork nor elikatzen duen zehaztu ezinda, biek bat egiten dutela haren obran, bereziki aforismoetan. "Juan Kruzen literaturak, destilazio baten bidez, beti-beti, pentsalariaren emaitza ematen du".

Igerabidek Koldobika Jauregi artista izan du bidaide argitalpenean. Gimenezen hitzetan, "tinta beltzaren indar osoaz" erantzun dio margolariak idazlearen lanari, eta irudiek zein hitzek, biek, "aforismoak berezkoa duen estilizazioan" egin dute bat, editorearen ustetan. "Niretzat ohore bat izan da", aipatu du Jauregik. "Lehenengo [aforismoak] irakurri egin nituen, eta sentsazioen arabera joan naiz egiten. Badute surrealismo puntu bat, baina saiatu naiz ideiak Juan Kruzen lanera hurbiltzen".

Multzokatu gabe, errenkadan

Segidan emanda datoz Igerabideren aforismoak, inolako ataletan egituratu gabe. Aurreko lanetan sailkatzeko ohitura izan duela azaldu du egileak, baina oraingoan "barruak eskatu ahala" joan dela idazten eta hala ematea erabaki duela. Aurreratu ditu, dena den, liburuan ageri diren gai multzo batzuk: "Gizartearen aurreko gogoeta da bat: uste dut hori nabaria dela nire hasierako liburuetatik, eta jarraitzen du egoten; badaude barne gogoeta psikologikoak ere; badaude espiritualtasunari buruzko batzuk, tartean-tartean emanak, oso modu librean eta jolastian". Eta jolasaren jokabide horri egin dio, hain zuzen, azpimarra txikia: "Alor guztietan dago pentsamenduaren jolaserako jokabide bat, jolasa hartuta beti jakin-minak eta misterioak ekartzen duen erakarmen horretatik".

Aforismoari berari buruzko gogoetei ere egin die leku liburuan, baita "aforismoz egindako aforismorako hurbilketa bat" osatu ere azken orrian: Denbora tirare batean: aforismoaren historia aforistiko laburra. Hala hasten da: "Aforismoa iturri gisa jaio zen babiloniar harrien artean, eta sigi-saga heldu da Twittereko zingiraraino". Eta historia horretan lorratza utzi duten izenak eta lurraldeak datoz ondotik: India, Txina, Egipto, Israel, Heraklito, Nietzche, Wittgenstein, Litchtemberg eta beste.

Arteaz diharduten gogoetak ere biltzen dituzte aforismoek beren hitz gutxitan. "Kubismoa begiradaren deserosotasuna da", edo "Artea anarkista da, ez anarkikoa", horien artean. Jolastiagoak, filosofikoagoak eta iradokizunez egindakoak nahasian josi ditu egileak, eta antzeman du antzeko tonu bat Jauregiren lanean: "Ilusio handia egin dit ikusteak Koldobikak nola hartu duen lekukoa eta eman dion beste buelta bat, baina tenka hori mantenduz".

Aireratze lirikoak

Askotariko generoak zeharkatzen dituen obra izan da beti Igerabiderena: nobela, ipuina, saiakera, poesia, haur literatura... Aforismo hauetako ahotsa poetaren ahotsetik hurre suma daitekeela aipatu du Gimenezek, tentsio hori kudeatu eta azkenean aforismoaren legeetara errenditu beharrean irudika daitekeela egilea. Baietz egin du Igerabidek, hala izaten dela maiz, eta poesiaren lirika baliatu duela lan honetan irakurlearen gogoa aldiro auzi lurtarrenetatik aldentzeko. "Idaztean ere, aforismo oso gogoetatsu batekin zabiltzala, tarteka badator lirikoago bat. Horrek poema baten barruan beste eginkizun bat izango luke, baina kasu honetan gogoetari bi hegaltxo jarriko bazenio bezala da. Lirikaren erabilera hori izan da hemen: pixka bat aireratzea, segituan, berriz, lurrera ekartzeko".

Irakurketen oihartzunak eta beste egile batzuen eraginak ezinbestean egon badauden arren, aurreko liburuetan baino gutxiago "esplizitatu" dituela azaldu du Igerabidek. Zehaztu duenez, "elkarrizketak" izan ditu Nietzcherekin, Karlos Linazasororekin, Ramon Ederrekin. Eta baita Anjel Lertxundiren lanarekin ere, haren pentsamendua oso bestelako forman jaso arren: "Anjel Lertxundik luze egiten ditu gogoetak; saiakerarako joera du, eta ni horrekin ere jokoan sartu naiz. Liburua eskaini diot hari, arrazoi bat baino gehiagorengatik". Edonola ere, liburuko erreferentzia gehienei gainetik "oihaltxo bat" jarri diela adierazi du idazleak.

Liburuaren aldats gora

Liburuaren industria "txiki baina garrantzitsuan" gauzak aldats gora jarri direla ekarri du gogora Gimenezek. "Liburuaren zirkulazioaren alde" egitea denen egitekoa izango dela aipatu du, eta norabide horretan urrats bat ematea erabaki dutela Igerabideren lan berriarekin. Hala, Noiz arte arrazoi-ren bertsio elektronikoa erdi prezioan (4,22 euroan) salduko dute asteazkenean, egun osoan, argitaletxearen webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.