Cristina Iglesias artistaren (Donostia, 1956) brontzezko obra asteartean garraiatuko dute helikopteroz Donostiako Santa Klara uhartera. Pieza zatika eramango dute uhartera, eta, horretarako, 45 bidaia inguru egin beharko dituzte. Obra uharteko itsasargi barruan kokatuko da, eta itsas hondoa irudikatuko duen brontzezko ontzi handi bat izango du oinarri.
Helikoptero batek Donostiako Pasealeku Berritik uhartera eramango ditu obraren zatiak. Lanak 06:30ean hasiko dira, eta, iragarritakoaren arabera, sei orduz zirkulazioa moztuko dute Jorge Oteizaren eskulturaren ondoko aparkalekutik Carlos Blasco Imaz plazaraino —Aquariumaren gainean dagoen plaza—.
Eneko Goia Donostiako alkatea eta Cristina Iglesias eskultorea egongo dira piezak nola garraiatzen dituzten ikusten. Halaber, egun hori erabiliko dute uztailaren 6an La Vansa i Fornols herrian (Lleida, Katalunia) helikoptero istripu batean hildako pilotu donostiarra oroitzeko. Izan ere, pilotuak garraiatu behar zuen helikopteroz Santa Klara uhartera artista donostiarraren eskultura.
Zati guztiak uhartera eramandakoan hasiko da lanaren azken fasea: obraren instalazioa itsasargiaren barruan.