Gorabeheratsua izan zen Donostiako finalaurrea. Dotoreziari eta fintasunari eutsi zion Elortzak, baina lehen finalaurrekoan baino apalago. Kartzelan doinu berri bat plazaratuta jo zuen goia: Antton Valverderen Hegaztien pausarria kantuan oinarritutako doinua erabili zuen. Gainontzekoei alde handia kentzen dienez, finalean izango da, Amets Arzallusekin batera.
Alaia Martinek, berriz ere, saio orekatua egin zuen goitik, bertsoak aurrekoetan baino gehiago jantzita. Aitor Sarriegik, berriz, apalagoa izan zuen Oiartzungo finalaurrekoko bizitasuna, eta gorabeheratsua izan zen saioa. Gorabeheratsua izan zen, halaber, Jon Martin, Etxahun Lekue eta Fredi Paiaren lana. Estilo “erotiko festiboari” eutsi zion Paiak. 2.480 bertsozale bildu ziren saioraGaska kiroldegian, eta nabari zen noiz egiten zuen saioak gora.
Amets Arzallusek, Igor Elortzak, Beñat Gaztelumendik, Unai Iturriagak, Aitor Sarriegik, Alaia Martinek eta Iñigo Mantzizidor Mantxi-k dute punturik gehien, azken finalaurrekoa falta dela. Maulen jokatuko da azkena, larunbatean, eta bertsolari hauek ariko dira: Sustrai Colina, Aitor Mendiluze, Unai Agirre, Jone Uria, Agin Laburu eta Jexux Mari Irazu.