Amets Arzallusek Gernika-Lumon bezala, Igor Elortzak ere alde handiarekin irabazi zuen atzo Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren finalaurrekoa, Tolosan. Azkenaldian plazaratzea kosta izan zaion bertsokera dotorearekin nagusitu zen lanez lan. Bakarkakoan jo zuen goia bere Izarren hautsa doinuarekin.
Iñigo Mantzizidorrek, Mantxi-k, lortu zuen bigarren postua. Galtzeko ezer ez izateak askatuta, bere onenetik utzi zuen Usabal kiroldegian, eta gora egin zuen ariketaz ariketa. Etxahun Lekuek eta Unai Iturriagak puntuaketa bera erdietsi zuten. Lekuek orekari ertzak erantsi zizkion, eta entzuleengana iritsi zen. Iturriagak lehen puntua emandakoan eta kartzelan poto egin zuen, eta puntu dezente galdu zituen horrela. Potoak poto, bere umorea eta ironia printzak argitaratu zituen.
Ofiziotako gai pare bat ez zitzaizkion oso parera etorri Jexux Mari Irazuri, eta horietan behera egin zuen. Serio aritu zen bertsotan, eta fin jardun zen zenbaitetan: zortziko txikiko lehen bertsoan, berbarako. Amaia Agirre zer edo zer apalago ibili zen lan batzuetan, lehen puntua emandakoan bereziki. Entzuleengana era berezian iritsi zen Agirreren kartzelakoa, teknikoki apaltxoagoa izanagatik.
Finalaurrekoekin batera, giroa berotu da txapelketan, eta saioz saio ere beroagotzen ari da. Atzo, 1.722 lagun bildu ziren Tolosako Usabal kiroldegian, eta bertsolariek une batean baino gehiagotan berotu zuten plaza.