Zinema. Estreinaldiak

Ihesean, gaztaroaren bila

'Moonrise Kingdom': Wes Anderson zuzendariaren begirada bereziarekin gozatzeko beste aukera bat

1965ean kokaturik dago Moonrise Kingdom, New Englandeko uharte bateko eskaut kanpaldi batean. Z / BERRIA.
Gontzal Agote.
2012ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Korronte nagusietatik aparte samar, pelikulaz pelikula berezko ikuskera eraikitzen ari da Wes Anderson zuzendari estatubatuarra. Horrelakoetan gertatu ohi den moduan, haren filmek muturreko erreakzioak eragiten dituzte, baina nekez uzten ahal dute inor hotz. Komikigintzaren estetikatik oso hurbil, plano bakoitza kolorez eta ikonoz betetzen ditu Andersonek, eta pop kulturaz eta surrealismoz blaitutako irakurketa ezin bereziago eskaintzen.

AEBak utzita, Parisen bizi da aspaldi honetan; hala ere, haren istorioek oraindik ere gizarte estatubatuarraren zaurietan arakatzen dute. Alaitasunaren eta absurdoaren atzean, familia desegituratuak edo gizarteratzeko arazoak dituztenak izan ohi dira protagonista nagusiak. Inkomunikazioa, bakardadea eta mundua ulertzeko ezintasuna dira bere pertsonaia zoro eta originalek ezkutatzen dituzten kezkak.

Filmografia pausatu samarra baina koherentea da Andersonena. Ez du inoiz arrakasta komertzial handirik izan, baina ibilbide propioa eta interesgarria egitea lortu du. Lehen film luzea 1996an egin zuen: Bottle Rocket thriller bitxia. Lapurreta eta eroen inguruko istorio horretan Owen Wilson gazte batekin lan egin zuen. Bill Murray eta Jason Schwartzmanekin batera, Wilson zuzendariaren aktore kutuna da.

Hain zuzen ere, beste bi aktore horiek izan ziren Rushmore-ko (1998) protagonista nagusiak. Unibertsitate giroko komedia horrek maitasun istorio xelebre bat kontatzen zuen: ikasle azkar bat eta irakasle maltzur bat irakasle berarekin maiteminduta zeuden.

Tinko bere bidean

Milurteko berriarekin bi harribitxi etorri ziren: The Royal Tenenbaums eta Life Aquatic, 2001ean eta 2004an hurrenez hurren. Bi horiek dira beharbada Andersonek orain arte egin dituen pelikularik ezagunenak, eta estreinatu zirenean biek ala biek eztabaida bizia eragin zuten: jenio bat ote zen Anderson, ala adarjotze hutsak ote ziren bi pelikula horiek?

Nonbait, zuzendaria ez zen sobera kezkatu kritikekin, argi zuen zein zen segitu nahi zuen bidea, eta horri eutsi zion; 2007an Indiarako bidaia bat proposatu zuen: The Darjeeling Limited. Horretan bere hiru aktore kutunak elkartu zituen: Murray, Wilson eta Schwartzman. Urte berean, ikusmin eta morbo dezente piztu zuen film labur bat ere egin zuen Natalie Portmanekin: Hotel Chevalier.

Horren ostean, beste ezuste bat eman zuen zinemagileak, stop-motion teknika erabilita animazio pelikula bat egin baitzuen: Fantastic Mr. Fox. Nahiko oharkabean pasatu zen maisulana da, animalien gaineko alegia moduko bat, itxuraz nahiko inozentea, baina gizarte garaikidearekiko oso ikuspuntu kritikoa zuena.

Hiru urtera ailegatu da haren azken lana, aurtengo Cannesko zinemaldia inauguratzeko ohorea izan duen pelikula. Moonrise Kingdom-en haurtzarora begiratu du; nonbait Anderson ez dago gustura helduen artean; horregatik, nahiago izan du gaztetxoen mundua irudikatu.

Lehen aldiz, istorioa ez du garai hurbilean girotu, horretan ere atzera egitea erabaki du; hain zuzen ere, 1965. urtera. Urte hori nolabaiteko giltzarria da, orduan gaztetxo ziren horietako askok berehala ikasiko baitzuten zein gogorra den heldutasunera ailegatzea; haietako gehienek Vietnamgo gerra edo eskubide zibilen aldeko borrokak ezagutuko zituzten.

Hori baino lehenago, haurtzaroarekin gozatu zuten. 1965eko udan, New Englandeko uharte bateko skout kanpaldi batean, Sam eta Suzy elkarrekin maitemindu dira. Hamabi urte besterik ez dute; hala ere, elkarrekin ihes egitea erabakiko dute.

Horrela hasiko dute sekula ahaztuko ez duten abentura. Bien bitartean, uhartean dauden helduek ahaleginak eta bi eginen dituzte bi gaztetxoak aurkitzeko eta beren mundura berriro itzularazteko.

'MOONRISE KINGDOM'

Zuzendaria: Wes Anderson.

Aktoreak: Bruce Willis, Edward Norton, Bill Murray, Frances McDormand, Tilda Swinton, Jason Schwartzman.

Herrialdea: AEB. Urtea: 2012.

Iraupena: 94 minutu.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.