Azken urteetako "hutsunea" betetzeko asmoz, aurten Ikasleen eguna antolatuko dute berriro ere Durangoko Azokan. Lehenengo egunean, abenduaren 5ean egingo da, azokak iraungo duen lau egunetatik laneguna den bakarrean.
“Durangoko Azokara gerturatzen diren milaka ikasleei programazio erakargarri eta aberatsa eskaini nahi diegu”, esan du Oihane Barrutiak, Gerediaga Elkartearekin batera Ikasleen eguna koordinatu duen Berbaro elkarteko antolatzaile eta Saguganbara guneko arduradunak. “Euskal kulturaren plazarik handiena ezagutzeko etortzen dira txangoan ikastetxeak. Horregatik, ikasleek bisita ahalik eta gehien aprobetxatu, eta Azokako gune guztiak ikusi ditzatela nahi dugu”.
Egun horretan azokako gune guztiek izango dute ikasleentzat prestaturiko ekitaldiren bat.
Plateruena kafe antzokian kontzertua emango dute euskal kantugintzako abesti anitzekin. Gainera, pantaila handi bat egongo da agertokian, eta abestiekin tartekatuta musikarien elkarrizketak entzungo dituzte ikasleek.
Saguganbara gunean, berriz, bi tailer emango dituzte idazle eta musikariekin. Yolanda Arrieta idazleak Egun batez idazle saioa eskainiko du fikziozko sormena lantzeko. Orrialde zuriari beldurra galtzen erakutsiko die ikasleei, eta euren burutazio eta ideiak orrialdera pasatzen lagunduko die oinarrizko literatur baliabideekin. Bestetik, Anboto astekariak Egun batez kazetari tailerra eskainiko du, eta ikasleek musikari eta idazle ezagunei elkarrizketak egingo dizkiete.
Ahotsenea gunean ere sortzaileekin egoteko aukera izango dute, Jon Arretxe idazlearekin eta EH Sukarra taldeko kideekin solasaldia antolatu dutelako.
Irudienea ikus-entzunezkoen gunean, bestalde, film baten euskarazko bikoizketa nola egiten den ikusiko dute ikasleek, eta eurek ere bikoizketan parte hartuko dute profesionalen laguntzarekin. Emaitza unean bertan ikusi ahal izango dute.
Szenatokia San Agustin kultur gunean dagoen arte eszenikoen gunean oihalaren atzealdean kokatuko dira ikasleak, eta bertatik aktore, teknikari eta zuzendarien lana aztertuko dute.
Areto Nagusiak ere bat egin du Ikasleen egunarekin, eta Miren Gonzalez ilustratzaileak tailerra eskainiko du ipuinak irudiz nola janzten diren azaltzeko. Ikasle bakoitzak collage bidez orrialde bat maketatzen ikasiko du.
Kabi@ kultura digitalaren guneak bideoak editatzen eta webguneak sortzen jarriko ditu ikasleak.
Turismo Bulegoak Durango Hiria ezagutzeko bisitak eskainiko ditu.