Maite Davant. Xiberoko Ikastoletako Ikasle Ohien elkarteko kidea eta Xorrotxa maskaradetan

«Ikastoletako lanaren fruituak gara, hori nehork ez du ezeztatzen ahal»

Joanes Etxebarria.
Maule
2012ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Iragan urtean, Olaz Ola... ikas sorkuntzaren antolatzaileetariko bat zen. Aurten, Xorrotxen kasketa jantzi du maskaradetan parte hartzeko.

Joan den urtean XIIO elkarteak ikuskizun bat plazaratu zuen. Hartarik zer gelditzen zaizu gogoan?

Olaz Ola...ikas ikusgarriaz oroitzapen onak atxikitzen ditut. Lehen-lehenik, talde lanean plazer hartu nuelako, eta plazerez jokatu baikenuen denek elkarrekin. Bestalde, ikusgarriaren edukia interesgarria zitzaidan.... Seaska eta Ikastolaren sortzea gogorarazi genuen. Orain, umeak normal eramaten badira ikastolara, jendarte pluralak ez daki beti zenbat bilkura, borroka, manifestazio edo gose greba izan ziren 80ko hamarkadan euskaraz ikasteko ikastetxe horien sortzeko. Militanteen lana azkarra izan zen.

Herri batzuetan entzun da euskaldun eskasiagatik zaila dela maskaraden plantatzea. Aldi honetan, denak euskaldunak zarete...

Zuberoan entzun ohi da ikastolan ez dela egiazko euskara ikasten eta euskara etxean ikasi behar dela. Haatik, argi zait hizkuntzaren transmisiorik ez dela gutxitan baizik egiten familietan eta, ondorioz, euskara azkarki galtzen ari dela. Maskarada hauetan, den-denak euskaradunak gara. Ikastoletan egin lanaren fruituak gara; hori nehork ez du ezeztatzen ahal.

Belaunaldi anitzek bat egiten duzue; zer giro bada zuen artean?

Uste dut maskarada guztietan hala dela, giro ona. Denentzat lekua bada, eta iduri zait bakoitzak berea egin duela. Laguntzaile gisa ere ikasle ohiak, ikastolako gurasoak eta guraso ohi batzuk biltzen dira....giro onaren azalgarri ez?

Berrikuntzak ere ekarriko dituzue; bereziki, emazteek duten lekuarekin.

Emazteen presentzia Zuberoako kulturan ez da berrikuntza bat. Baina, bai, aurtengo maskaradetan emazteak dantzarietan dira, beltzetan, xorrotxetan... parekidetasun hori natural egin da taldean. Gero, kritikak...

Zu xorrotxa zara. Aurten lau izateak zer aldatuko du?

Jokoan moldaketa txiki bat egin dugu: xorrotxek Jaunaren ezpata zorrozten dute. Lan horri, Laborariaren pertikaren (akuilua) zorroztea gehitu diogu. Hola salatu nahi dugu jende xumeak ere lagundu behar direla, ez beti jaunak.

Beste berrikuntzarik izanen da?

Ez da berrikuntza handirik. Maskaradak, izatez, berrikuntzak dira. Karrikako ikuskizuna izanez, igandero herri desberdin batean jokatzen dira. Igandero predikuak aldatzen dira... beraz, igandero berrikuntza bat bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.